Dokumentuaren akzioak
Dantzaren eguna
dFERIA
Gazteszenako agertokian, beste gogoeta pertsonal baten emaitza
etorri da Mirella Carbone perutarraren eskutik. Carbone, dudarik gabe,
heziketa klasikoa duten artista menderakaitz horietariko bat da, eta
bere hogei minutuko performance-an arte eszenikoen hizkera ia
guztiak erabili ditu -objektuen maneiua, mimoa, transformismoa,
ikusleekiko harreman zuzena eta ausarta, kalitate handiko
gorputz-mugimendua...-0, perfekzio handiz erabili ere, eta emanaldian
zehar berak bizi izandako tentsio izugarria gugana igortzea lortu du.
Victoria Eugeniako emanaldian Mirando al Sur izeneko
programa bikoitza aurkeztu da Costa Rica eta El Salvadorreko Dantza
Konpainia Nazionalen eskutik, bien ildo nagusia AEBetara doazen
migrazioen fenomenoa izanik. Costa Ricakoan nekazari itxurako
dantzariak eta leku batetik bestera eramandako fardel handiak izan dira
protagonistak, eta soinu bandan oratorio barrokoak, indiar kantuak,
perkusioa, piano musika eta gaizki sintonizatutako irratiak entzun
ditugu. Bitartean, dantzariek ekintza sinbolikoak eta irudi plastiko
interesgarriak osatu dituzte, baina nik behintzat ezin izan dut
harrapatu diseinu koreografikoaren zentzu ezkutua.
El Salvadorgo konpainiaren proposamenak, ordea, muturreko
jarduera fisikoaren eremura eraman gaitu, eta itxura kaletarreko
dantzariek dantzarako eta akrobaziarako gaitasun itzela erakutsi dute,
soinu industrialen eta intentsitate handiko erritmoen pean. Koreografia
makineria hipnotiko eta artegagarri baten modura ibili da eta gauza
asko esatea lortu du ia elementu narratiborik erabili gabe.
Azkenik, Itinerarte proiektuaren barruan Argentinako
Desdichado deleite del destino konpainiak izenburu bereko lana ekarri
du. Taula gainean aita tiraniko bat, bere menpe dagoen alaba eta
kale-saltzaile bat agertzen dira, eta hiruren arteko harremanetatik
hango jende arruntaren ohiko bizimodua eta kezkak azaleratzen dira.
Hasiera makala kenduta, norabide egokitik ibili da emanaldia, baina,
hala ere, nik gehiago espero nuen argentinar testu garaikide batetik
eta hango antzezpenen maila mitikotik.
Konpainiak: Teatr Okazjonalny, Mirella Carbone, Costa Rica eta El Salvadorgo Dantza Konpainia Nazionalak, Itinerarte. Data: Uztailak 3.
Dokumentuaren akzioak