Dantzaren bidez «herri gisa jauzi bat» egitea proposatu du Gure Eskuk urriaren 25ean

Gure Eskuk ‘Zazpi jauziz, herri bat’ ekimena aurkeztu du, urriaren 25ean Euskal Herriko zazpi hiriburuetan egingo duena. Dantzaren bidez, lurraldeen arteko kohesioa eta «herri gisa» eman beharreko jauzia irudikatuko dituzte.

Egilea
Asier Robles
Hedabidea
Naiz
Lekua
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2026/09/24
Esteka
Naiz
Irati Alvarez eta Josu Etxaburu, Gure Eskuko bozeramaileek.
Irati Alvarez eta Josu Etxaburu, Gure Eskuko bozeramaileek. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

«Nazio gisa jauzi bat, etorkizunez beteriko jauzi bat». Horixe irudikatu nahi du Gure Eskuk urriaren 25ean Euskal Herriko zazpi hiriburuetan. Aldi berean, 12.00etan, Zazpi Jauzien dantza egingo da Maulen, Donibane Garazin, Baionan, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon. Gaur goizean aurkeztu dute Bilboko Arriaga Plazan ekimena Irati Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileek.

Gure Eskuren esanetan, dantza «ez da soilik adierazpen kultural bat», baizik eta «herri memoria transmititzeko eta komunitatea eraikitzeko tresna» ere bada. Horregatik, plazan dantzatzea «elkarrekin agertzea» eta «gorputzen bidez herri bat garela erakustea» dela nabarmendu dute, baita «belaunaldien arteko lotura eta lurraldeen arteko harremana biziberritzeko» modu bat ere. «Dantzaren bidez herri bat erakutsi eta aldarrikatuko dugu. Dantzaren bidez herri bat eraikiko dugu», adierazi du Etxaburuk. 

«Euskal herritarrok nazio sena biziberritu, gure lurraldeen arteko kohesioa indartu eta burujabetza tresnak eskuratu behar ditugu»

XXI. mendeko erronkei erreparatu die Irati Alvarezek. «Klima aldaketa, demografiaren joera, erronka energetikoa, migrazio-dinamikak, adimen artifiziala, geopolitikaren gorabeherak... Eta hori dena gertatzen ari da testuinguru batean non planteamendu eta diskurtso erreakzionarioak indartzen ari diren; alegia, uniformizazioa bultzatzen duten eta pertsonen eta herrien eskubideak murriztu nahi dituzten planteamendu eta diskurtsoak», azaldu du.

Egoera horren aurrean, euskal herritarrek «nazio sena biziberritu, gure lurraldeen arteko kohesioa indartu eta burujabetza tresnak» eskuratu behar dituztela nabarmendu du Gure Eskuk. «Hain zuzen ere, garai honek dakarzkigun erronkei erantzuteko, geure identitate eta kulturari eusteko eta geure herritarren eskubideak babesteko eta zabaltzeko. Horregatik diogu Euskal Herriak jauzi bat egin behar duela herri gisa», azaldu du Alvarezek. 

«Konpromisoa» agertzeko aukera

Eta jauzi hori dantzaren bidez irudikatuko du Gure Eskuk urriaren 25ean.  Argitu dutenez, ekimena pertsona guztiei irekia da, «dantzazalea izan ala ez, dantzan iaioa izan ala ez». Herri ekitaldi bat izango da, festa giroa izango du oinarri eta herritarrei «aukera emango die haien konpromisoa agertzeko». 

Esan bezala, ‘Zazpi jauziz, herri bat’ ekimena aldi berean egingo da 12.00etan: Maulen, Maule Gaineko Arrabotüan; Donibane Garazin, merkatu estalian; Baionan, Askatasunaren plazan, Herriko Etxearen aurrean; Donostian, Plaza Berria/Konstituzio Plazan; Iruñean, San Jose Plazan; Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan eta Bilbon, Arriaga plazan. 

«Urriaren 25ekoa etorkizunaz beteriko jauzia izango dela diogu, eraiki nahi dugun etorkizuna irudikatuko duelako: zazpi lurraldez eta pertsona anitzez osatutako nazio bat, dagozkion erabakiak libre eta demokratikoki hartzen dituena, bere kultura eta hizkuntza bizi dituena, balio komunitarioak festaren bidez biziberritzen dituena. Jende zoriontsua, herri libre batean», adierazi du Alvarezek. 

Eta Etxaburuk dei egin die herritarrei: «Zazpi hiriburu, zazpi ekitaldi eta zazpi jauzi. Testuinguru honetan, herri gisa, behar-beharrezkoa dugun jauzia egiteko. Zatozte, beraz, eta komunitatea eta herria egingo dugu».