Dokumentuaren akzioak
Dantzaren balio kultural, hezitzaile eta soziala aitor dadila eskatu dute Dantzaren Egunean

«Dantza lanbidea da, hezkuntza, kultura eta enplegua. Eta, hala eta guztiz ere, sektore prekarizatuenetarikoa izaten jarraitzen du, arteen eta kulturaren barruan gutxien aitortzen dena». Lerroburu horrekin zabaldu du Euskal Heriko Dantza Profesionalen Elkarteak, ADDE, apirilaren 29an ospatzen den Dantzaren Egunari begira osatu duten komunikatua.
Izan ere, aurtengo mezuan dantzaren munduak bizi duen prekarizazioa salatu eta «urte batzuetatik hona egoera larrian» dagoela ohartarazi dute. Kulturaren Euskal Behatokiak ADDE-rekin elkarlanean egindako 2022ko urriko txostenean jasotako datuei erreferentzia eginez, gogora ekarri dute inkestatutako profesionalen gehiengoak sektorearen barruan egonkortasuna lortzeko zailtasunak aitortu zituztela, izan lana beste sektoren batzuekin konbinatzeko izan duten beharragatik (%21,95), dela lana eta prestakuntza konbinatzen jarraitzeko egoeran egoteagatik edota dantzaren beste sektore batzuetan parte hartzeagatik (%21,95).
«Soilik %13,4k adierazi du ibilbide erraza izan duela dantzaren munduko lan-egonkortasunerantz, ikuspegi horretatik arrakastatsutzat jo daitekeena», aipatu dute, eta nabarmendu: «Lanaren aldizkakotasuna, sektore artistikoen egiturazko ezaugarri bat da, agerian geratzen da lan egindako hilabeteen batezbestekoa 8,4 delarik».
Iazko datuei ere erreparatu diete ADDEtik. Kulturaren Euskal Behatokiak 2025ean zehar Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan programatu diren kultura jardueren datuak eskuartean, azaldu dute iaz 927 dantza emanaldi programatu zirela, hau da, azterlanean jasotako programazio osoaren %4,1. «Dantza da ikusgarritasun gutxien eta kuota txikiena duen diziplina programazioan, programatutako 5.898 kontzertuekin (programazioaren %26,3) edo antzerki eta zirkuko 4.612 emanaldiekin (programazioaren %20,7) alderatuta», gaitzetsi dute.
Urtebete gehiago atzera eginda, 2024ko programazioan 907 dantza emanaldi eskaini zirela eta, beraz, «igoera txiki bat» eman dela ere zehaztu dute, baina nabarmendu dute diziplinaren araberako datuei erreparatuz gero, igoera hori dantza tradizionalaren programazioan soilik aplikatzen dela; aldiz, dantza garaikidean, ballet klasikoan edo beste batzuetan, beherakada bat hautematen dela adierazi dute.
«Dantza ahultasun eta gutxiengoan kokatzen duten datu negargarri horiek gorabehera, sektoreak bizirik jarraitzen du, eta dantzak, asko kontra izanik ere, sortzaileen, hezitzaileen, interpreteen, kudeatzaileen, ikertzaileen batailoi oparoa osatzen du», ziurtatu dute elkartetik, eta gaineratu dute «dantzaren lan-errealitateak, kasu gehienetan, eginkizun anitzak, aldizkakotasuna eta autoenplegua» dakartzala berekin. Gauzak hala, «dantza lanbide bihurtzeak ez luke prekarietatea ekarri behar, ezta oinarrizko lan eskubideei uko egitea ere», adierazi dute.
«Hori guztia dela eta, administrazio publikoei eta gizarte osoari eskatzen diegu dantza aitor dezatela balio kultural, hezitzaile eta sozialagatik eta enplegua sortzen laguntzeagatik kultura-, hezkuntza- eta lan-politika koherenteak bultzatzea, eta ekosistema jasangarri bat eraikitzea, profesionalek beren lana duintasunez egin dezaten», egin dute aldarri.
Dokumentuaren akzioak


