Dokumentuaren akzioak
Dantzaren asteburua ospatuko du bihar eta etzi Amets Bidek Ordizian
Ordiziako Amets Bide dantza taldeak dantzaren asteburua ospatuko du bihar eta etzi. Ekitaldi bikoitza antolatu dute: bihar, larunbata, Zortzikoa; eta igandean, Dantzari Txiki eguna.
Ordiziako Zortzikoa 70 dantzarik eta 15 txistularik osatuko dute. Hilabeteko entseguen emaitza ikusiko da bihar iluntzean, 19:00etatik aurrera, Barrena parkean.
Amets Bide dantza taldearen 60. urteurrena dela, Lazkaoko Oin Arin dantza taldekoak gonbidatu dituzte larunbatean. Guztiek elkarrekin, afaria egingo dute Plaza Nagusian. Zortzikoaren sinadura ekitaldia amaitu ondoren, erromeriarekin amaituko dute eguna.
Igandean, Dantzari Txikiak
Igandean, dantzari txikien topaketa izango da. Amets Bideko dantzariez gain, beste zazpi dantza talde ere gonbidatuko dituzte: Lezoko Murixka, Donostiako Herri Ametsa, Iruñeko Amaiur, Lazkaoko Oin Arin, Zaldibiako Iztueta, Legorretako Irrintzi Alai eta Beasaingo Aurtzaka.
Dantzariak elkartu ondoren, 12:00etan, dantzari txikien desfilea egingo dute herrian zehar. Barandiaran plazaraino joango dira, 13:15erako, bertan alardea egiteko. Indarrak hartzeko, bazkaria egingo dute 14:00etan, guztiek elkarrekin, Plaza Nagusian. Bazkalondoren, jolasak egingo dituzte.
Egunarekin amaitzeko, Kukai dantza konpainiaren Gelajauziak ikuskizuna gozatzeko aukera izango da.
Zortzikoa egitaraua: bihar, maiatzak 25:
19:00. Zortzikoaren hasiera Barrena parkean.
20:00. Zortzikoaren amaiera Barrena parkean.
21:30. Partaideen afaria Plaza Nagusian.
23:00. Zortzikoaren sinadura ekitaldia.
23:30. Erromeria Itzal taldearekin Plaza Nagusian.
Dokumentuaren akzioak