Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzarako asteburua

Dokumentuaren akzioak

Dantzarako asteburua

Erromeria Eguna egingo dute uztailaren 15ean Errenterian, eta Dantza Eguna 16an. Dantzaldi gidatuak egingo dituzte, eta Indonesiako dantza talde batek ere parte hartuko du
Egilea
Naroa Rios
Komunikabidea
Berria
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2023/07/07
Lotura
Berria

Iazko Erromeria Eguneko dantzari batzuk, Errenterian.

Iazko Erromeria Eguneko dantzari batzuk, Errenterian. ARITZ LOIOLA / FOKU

 

Errenteriako (Gipuzkoa) Ereintza dantza taldeak dantzaz beteko ditu hurrengo larunbata eta igandea, uztailaren 15a eta 16a. Aurtengoa Erromeria Egunaren 23. aldia izan arren, 25 urte bete dira lehen jaialdia ospatu zenetik, pandemiak festa egitea galarazi baitzuen bi urtez. Antolatzaileek egun osoko egitarau zabala prestatu dute larunbaterako, «dantza kalera ateratzeko eta jendearengana hurbiltzeko».

Haien ustez, Erromeria Egunaren helburu nagusia bete da jada: «Adin guztietako jendearekin plaza betetzea eta euskal dantzen balioa aldarrikatzea». Hurrengo urteetan bide horretatik jarraitu behar dutela esan zuten atzoko aurkezpenean, Errenterian bertan: «Euskal dantzak ahal bezainbat jenderi helaraztea» dagokiela adierazi zuten.

Ereintza dantza taldeak dantzara ateratzeko deia egin die herritarrei, eta antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu egunaz gozatu nahi duten guztiak.

Erromeria Eguna goizean goiz hasiko da, dianarekin: 10:45ean, musikariak kalez kale abiatuko dira, «jendea esnatzeko; jakin dezaten eguna eta festa hasi berri direla». Bitarte horretan, gainera, Bola Jokoaren Errenteriako XI. Sari Handia egingo dute Foru plazan. Koldo Mitxelena plazan hamaiketakoa hartu eta gero, dantzaldi gidatu bat egingo dute 12:15ean, Patxi Perez dantzariarekin batera, Xabier Olaskoaga plazan.

14:30ean hasiko da herri bazkaria, Merkatu Zaharrean. Aurten, lehen aldiz, Euskal Parrillak-en parte hartzearekin. 400 lagunentzako bazkaria prestatuko dute, eta aukera beganoa ere izango da. Jada salgai daude bertaratzeko txartelak: iaz bezala, Arkaitza tabernan eta Paki dietetika zentroan. Gaztetxoek 9 euroan erosi ahal izango dituzte, eta helduek, berriz, 18 euroan. 

17:00etan izango da eguneko ekintza nagusia: erromeria. Zumardian bertan izango da, txalapartariekin eta musikariekin batera. Ondoren, 18:00etan, kontzertuak hasiko dira. Lehenik, Aiko taldeak joko du, eta jarraian, 19:30ean, Ortzadar taldeak itxiko du festa eguna.

Krinda Budaya

Erromeria Egunarekin nahikoa ez, eta uztailaren 16an Errenteriako Dantza Eguna jaialdia egingo dute, asteburua biribiltzeko. Urtero egiten duten moduan, dantza talde bat gonbidatu dute jaialdira, euskal dantzen festan parte hartzera. Aurten, Indonesiako talde bat dantzatuko da: Krinda Budaya. 19:00etan izango da emanaldia, Zumardian. Dantza talde gonbidatuak eta Ereintza taldeak hogei minutuko saio bana emango dute aurrena; gero elkarrekin dantza egingo dute.

Antolatzaileek Erromeria Egunera eta Errenteriako Dantza Egunera bertaratzeko deia egin diete dantzazale guztiei. «Oso esperientzia polita iruditzen zaigu beste kultura batzuetako dantzak ezagutzeko», nabarmendu dute. 

Errenteriako Erromeria Eguna eta Dantza Eguna

Uztailaren 15ean eta 17an, Errenterian (Gipuzkoa).

Dokumentuaren akzioak