Dokumentuaren akzioak
Dantzarako agertokia
Estilo ugariko koreografiek osatu dute Dantza Kalean jarduna; 200 dantzari aritu dira Okendo plazan
Udaberriko eguzkia lagun, dantzariek agertoki ezin
hobea izan zuten Okendo enparantza. Propio joandakoak asko ziren , baita
nahi gabe musikarekin topo egin zutenak ere. Askotariko estiloen koktel
ontziak dasta oneko emaitza eman zuen, inondik ere: flamenkoaren
indarra, jazz koreografien berritasuna, dantza garaikidearen ezusteak,
folklore egiptoarraren exotikotasuna... bazegoen non aukeratu
doinuarekin batera mugitzeko.
Guztira 200 dantzari inguru azaldu
ziren plazara, hamabi talde. Jendeak 18 koreografia ikusteko parada izan
zuen. Jardunaren izenak (Dantza Kalean) ongi laburbiltzen du atzo
bizitakoa. Dantza ikasleek euren trebezia erakusteko abagune ederra dute
halako egun batean, eta ikusleen txalo artean gustura aritu ziren.
Gaur, barra klasikoa
Dantza
Kalean eguna ohitura bilakatzeko gaitasuna erakusten ari dela bistan
da; gaur, berriz, dagoeneko Donostian klasikoa dena antolatuko dute
Urumea ibaiaren bokaleko bi ertzetan: barra klasikoko erakustaldia.
1997an
hasi ziren dantza klasikoan trebatzen diren haurren erakustaldi berezi
hori egiten. Argazki ikusgarriak ateratzeko aukera ederra izan ohi da:
mila dantza ikasletik gora barra ariketak egiten. Kontxako baranda
ezagunak agertoki bikaina eskaini izadu aurreko urteetan. Gaur, Urumeako
pasealekuan da saioa(17:30), Argentinar Errepublikako pasealekuan,
Viktoria Eugenia antzokiaren parean. Ibaiaren beste aldean ere, Ramon
Maria Lili pasealekuan, dantzariak euren ariketak egiten ariko dira.
Kontxako pasealekuko lanak oztopo izango dira urtero bezala hantxe
aritzeko.
Dokumentuaren akzioak