Dokumentuaren akzioak
«Dantzara plazara» gonbidapenak izan zuen erantzunik errenteriako jaian
Erromeria eguna Errenterian
Kantoietatik ateratzen ziren dultzainero, zanpantzar eta txistulariekin topatzea gertaerarik arruntena bilakatu zen atzo Errenterian kalean zehar paseatzen ibili zirenentzat. Goizetik gauera arte ikuskizunez betetako egitaraua zuen prestatuta Ereintza dantza taldeak.
Herriko kaleak eta plazak jaialdiaren agertoki bihurtu ziren atzokoan. Batean edo bestean errenteriarrek eta kanpotarrek herri dantzekin gozatu zuten nabarmen, gehienetan parte hartuz, baina baita ikusle modura ere. Jon Mayak, Ereintzako kideak, adierazi zuenez, jendea nahi duenean sar zitekeen jaian, «asko poteoan dabiltzanean ateratzen dira dantzara; saio bat egin eta indarberritzeko trago bat baino hoberik ez omen dago». Bakoitzak bere era edo gogoa bazuen ere, denek parte hartu zuten herriari eskainitako erromerian.
Egunaren lehen orduetan aditu ziren aurreneko soinuak, eta dantzarako grina zutenak ere berehala hasi ziren gorputza astintzen. Herria guztiz inplikatu zen dantza tradizionalekin gozatzeko eta berriak ikasteko. Izan ere, betiko doinuak ardatz ziren, baina hain ezagun ez direnak ere zabaldu ziren.
Gorputzak iraun bitartean
Eguna aurrera joan ahala Errenteriako kaleek bisitari gehiago jaso zituzten. Hasieran zegoen giroa «epela» bazen ere, Mayak arratsalderako «berotu» egingo zela aurreikusi zuen goizean, baita asmatu ere: herri bazkarian bildutako 500 bat pertsonek plaza irakiten jarri zuten. Baina festak ez zuen etenik izan, eta arratsaldean ekitaldi nagusia egin zuten, giroa pil-pilean jarri zuen ekitaldia, hain zuzen. Erromeria Handia izan zen Zumardian, eta oholtza gainean jarri ziren musikariek denen gozamenerako doinuak eskaini zituzten. Txorimaloak, Laja eta Mikel, Alkarkide txaranga, Hernaniko dultzaineroak, zanpantzarrak, Iñigo Galdos eta Xabier Etxaniz eta txistulariak izan ziren plaza leporaino bete zutenak. Gainera, AIKO taldeak «lagunekin» parte hartu zuen beste behin ere; Borda, Garikoetxea eta Bedaxagar izan ziren ohorezko gonbidatuak. Bestalde, umeak ere dantzaren parte izateko, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior taldeak haurrak aho zabalik utzi zituzten.
Egitarau «ofizialean» iluntzeko zortzietan Miel Otxin folk taldearekin egunari amaiera ematen bazitzaion ere, gauean jaiak jarraitu egin zuen. Izan ere, herriko hainbat taldek kontzertuak antolatu zituzten.
Erromeria Eguna dudarik gabe, Mayak esan bezala, «erreferentzia» bihurtu den jaia da, urtero egutegian gorriz markatuta agertzen den horietakoa. Datorren urterako, beraz, dantzari jantzia prestatuta izan, eta data hau bolaluma gorriz gorde.
Dokumentuaren akzioak