Dokumentuaren akzioak
'DantzanGo!' lehiaketa prestatzen ari da ETB, irailean estreinatzeko
Saio berrian parte hartu nahi duten taldeek bideo bat bidali behar dute EITBren webgunera
Saioan askotariko dantza estiloak egotea nahiko luketela nabarmendu du Alzibarrek. «Programa bakoitzean, zortzi dantza talde ariko dira lehian. Talde bakoitzak koreografia bat sortu beharko du, eta dantzariek gai izan beharko dute taldean pertsona ospetsu bat integratzeko». Bago!az musika lehiaketaren antzeko formula izango da, horrenbestez. «Edozein motatakoa izan ahalko da koreografia. Hau da, euskal dantzen talde bati egokitu dakioke street dance estiloko koreografia bat prestatzea. Beren estilora ere eraman ahalko dute».
'Go!azen'-ekoak, tarteka
Epaimahaian hiru aditu egongo dira, eta haiek erabakiko dute aste bakoitzean nork irabazten duen eta zein talde kanporatzen duten. Bosgarren saiora arte, talde bat kanporatu eta beste talde berri bat sartuko da lehiara. «Bosgarren saiotik aurrera ez da talde berririk sortuko, eta finalean lau talde egongo dira», iragarri du Alzibarrek.
Bestalde, programako aurkezlea Zuriñe Hidalgo izango da —Bago!az musika lehiaketako lehen bi denboraldiak aurkeztu ditu—. Bago!az saioko ospetsuren bat edo beste Dantzango!-n ager daitekeela iragarri du Alzibarrek. «Go!azen telesaileko aktoreak ere ager daitezke tarteka». Aipatutako bi saio horietako publikoa bereganatzen saiatuko dira dantza lehiaketarekin: «Familiak». Izan ere, asteazkenetan emango dute, 22:30ean, eta ostiraletan ere bai, 21:00etan —ordu horretan eman dute aurten Bago!az—.
Inguruko beste kate batzuetan egin izan dituzte dantza lehiaketak, eta harrera ona izan dute euskal gazteen artean. «Gure kasuan, euskal dantzak ere sartuko ditugu, zerbait gurea», azaldu du DantzanGo! programako zuzendariak. «Fama saioan, adibidez, dantza garaikidea nagusitu zen, baina guk euskal musikaren kutsua gehituko diogu. Esate baterako, Gatibu taldearen kanta bat nola dantzatu dezakegu? Halako saiakerak egingo ditugu».
Alzibarrek azaldu duenez, orain arte jaso dituzten bideo gehienen partaideak gazteak dira, baina adinekoei ez diete betorik jarriko.
Zuriñe Hidalgo musikariak aurkeztuko du ETB1eko DantzanGo! saio berria, irailetik aurrera. ETB
Dokumentuaren akzioak