Dokumentuaren akzioak
Dantzan ospatu dute Santio eguna
San Inazio egunean amaituko dira Zubietako jaiak.
Santio egunez ohitura bilakatu den soka dantza ederki dantzatu dute herritarrek, begira zeudenen gozagarri. Mahoizko galtza eta gona urdinak, eta atorra zuriarekin, oinak arin dituztela erakutsi dute.
Hamaiketakoaren ostean, eguerdiko ezkilak jotakoan entzun dira Donostiako udal txistulari bandaren doinuak. Aurreskua, ezpata dantza, soka dantza edo fandango eta arin-arina eskaini dituzte, besteak beste.
Erakustaldi polita eman dute dantzariek, baina ez da gaurkoa dantzarako aukera bakarra izango. Izan ere, San Inazio egunean amaituko dituzte herriko jaiak Zubietan.
Bihar, asteartea, arnas pixka bat hartu, eta asteazkenean oilasko biltzaileen eguna ospatuko dute. Ostiralean umeen eguna; larunbatean gaupasa eguna, Lauroba, Gozategi eta Oihan Vegarekin; eta igandean, San Inazio eguna. Zikiro jatea egingo dute 14:00etan.
Herri dantza saioa, Zubietan
Herri dantza saioa, Zubietan
Dokumentuaren akzioak