Dokumentuaren akzioak
Dantzan jarriko du Hernani aste osoko festak
XVIII. Dantzari Festa apirilaren 8tik 14ra
Gorputza astintzeko aukera izango dute euskal dantzak maite dituztenek, aste osoan. Dantzari Festaren 18garren edizioa antolatu dute gaurtik igandera, eta egunero izango da ekintzaren bat.
Baserritarren jantziak ikusgai, gaurtik ostiralera
Baserritar jantzien erakusketa jarri du Biterin Iraultza Dantza taldeak. Astegunetan nahiz jaiegunetan erabiltzen zituzten jantziak jarri dituzte, ezagutzera emateko asmoarekin. Erakusgai jarri dituzten jantzi guztiak benetakoak dira; hau da, jantzi zaharretatik edo argazkitatik ateratako kopiak dira, beti ere, garaiko patroiak zorrotz jarraituta eginak. Erakusketarekin lotuta, hitzaldia emango dute etzi, jantzien esanahia azaldu, eta egindako ikerketa eta lan guztia kontatzeko; 19:00etan izango da, Biterin. `
Argizaiola´, ostiralean
Gero Axular dantza taldeak Argizaiola ikuskizuna eskainiko du ostiralean. Lau zati izango ditu ikuskizunak, eta 60 dantzari inguruk hartuko dute parte. Biterin , 19:00etan.
Dantza festa, asteburuan
Larunbatean dantzari txikienen txanda izango da. Lehendabizi, Ttarlako dantzariek egingo dute kale buelta; eta arratsaldean, hauek eta inguruko herrietatik etorriko taldeek. 19:00etan Erromeria izango da, Plaza Berrin. Igandean ere, dantzak hartuko du herria. Kasu honetan, Euskal Herri osotik etorritakoen txanda izango da. Kalejiran aterako dira lehendabizi, eta auzoetara joango dira ondoren. Ikurriñaren dantza 13:30etan egingo dute Plazan. Eta aste osoko ginda jartzeko, Erromeria egingo dute, arratsaldean, Kaxkoan.
Dokumentuaren akzioak