Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzan eta dantzariei aitortza eginez hasi dira 2023ko sanbartolomeak

Dokumentuaren akzioak

Dantzan eta dantzariei aitortza eginez hasi dira 2023ko sanbartolomeak

Komunikabidea
Barren
Tokia
Elgoibar
Mota
Albistea
Data
2023/08/23
Lotura
Barren

2023 08 23 san bartolome jaiak Elgoibar BARREN larrain dantza

Bero-bero hasi dira sanbartolome festak, zentzu guztietan. Termometroak 33 gradu markatzen zituen Haritz dantza taldeko ordezkariek jaiei hasiera ofiziala eman dien txupinazoa jaurti dutenean. Eta 39 graduraino igo da tenperatura Hiruretako txupinazo tradizionala jaurti dutenean.

Muturreko beroagatik ezarri duten alarma gorriarekin egin du bat San bartolome jaien hasierak. Kiskaltzeko, itotzeko beroa egiten duen arren, festara irten dira elgoibartarrak, eta jendetza ibili da kaleetan. Hori bai, lepoko gorriak adina abaniko edo haizemaile ikus zitezkeen gaurkoan, denaren beharra baitago bero sapa arintzeko. Kaleko iturrietan ere ilarak izan dira, eta ur zaleak ez direnek tabernetan freskatu dituzte barruak.

Herriko zaharrenak eta gazteenak izan dira goiztiarrenak festei ongi-etorria egiten. San Lazaro egoitzako egoiliarrak eta beharginak eta Eguneko Zentroko erabiltzaileak eta beharginak izan dira aurrenekoak jaietako zapia jartzen, 10:30ean egin duten ekitaldian. Elgoibarko Udaleko arduradunek eman dizkiete zapiak, Maialen Gurrutxaga alkatea buru zutela. Gero, iaz jaiotako elgoibartarrei ongi-etorria egin diete udal ordezkariek, Aita Agirre kulturgunean. Makina bat umeri jarri diete zapi gorria lepoan.
Eguerdian Larrain-dantza herrikoia dantzatu dute hainbat herritarrek Kalegoen plazan. Meritua aitortu behar zaie gaurko udako bero kiskalgarrarekin dantza egin izanagatik.
Eguerdiko 13:00etan ailegatu da jaiei hasiera ofiziala eman dien txupinazoa. Aurten 50 urte bete dituen Haritz Euskal Dantzari taldeko bi ordezkarik piztu dute suziria, Lourdes Odriak eta Iñaki Gilek, hain zuzen ere. Festa lehertu da plazan, eta Mauxitxa txarangak hartu du festa eta festazaleak gidatzeko ardura. Musikariek kalez kale ibili dute gaztetxoz beteriko segizioa.
Hiruretako txupinazorako ere jendetza batu da Giza Eskubideen parkean, 1975. urte inguruan hasitako ohiturari segida emateko. Ohitura duten moduan, dultzaineroek girotu dute ekitaldia eta Luis Mari Zubiaurre "Balle" izan da bota dituzten hiru suziriak piztu dituena.  

 

2023 08 23 san bartolome jaiak Elgoibar BARREN san lazaro

2023 08 23 san bartolome jaiak Elgoibar BARREN umeei ongi etorria

2023 08 23 san bartolome jaiak Elgoibar BARREN larraindantza b1

2023 08 23 san bartolome jaiak Elgoibar BARREN haritz txupinazoa

2023 08 23 san bartolome jaiak Elgoibar BARREN txupinazoa festa

2023 08 23 san bartolome jaiak Elgoibar BARREN mauxitxa

2023 08 23 san bartolome jaiak Elgoibar BARREN hiruretako txupinazoa

Dokumentuaren akzioak