Dokumentuaren akzioak
Dantzan egiteko edo ikasteko
Juan Antonio Urbeltzek Dantza Ganbara zuzenduko du gaur, Bilbon; saio irekia eta doanekoa
Dantza gizarteratzeko asmoarekin abiatu zuten egitasmoa Kafe Antzokiak
eta Ikerfolk elkarteak. Izan ere, dantzak Euskal Herri baserritar eta
arrantzalean zuen eginkizuna galdurik dago gaur egun hirietan.
Urtaroarekin eta bestelako gertakariekin loturiko errituetan zuen lekua
dantzak. Gaur hirietan egin daitekeenak ez du dagoeneko zerikusirik
iraganeko gizarteko erritu haiekin, baina beste eginkizun garrantzisu
bat betetzen du, hirietan bereziki beharrezkoa dena: jendearen arteko
harremanak sortzea eta sendotzea. Urbeltzen Dantza Ganbara, jaia eta
elkarbizitza giroarekin lotuta dago, beraz, baina jolasa serio hartzen
du.
Badira lau urte egiten dutela. Arrakasta lortu du, eta Ondarroako Kafe Antzokira ere zabaldu da ekimena.
Urbeltzek 40 urte daramatza euskal dantzak ikertzen eta
taularatzen. Argia dantza taldearekin dantza tradizionalen moldea
eraldatu zuen, ikerkuntza eta sorkuntza nahastuta. Hezkuntza lanez
gain, dokumentalak zuzendu ditu gaiaren inguruan, eta hainbat saiakera
idatzi ditu.
URBELTZEN DANTZA GANBARA
Noiz. Gaur, 20:00etan, Bilboko Kafe Antzokian. Doan.
Dokumentuaren akzioak