Dokumentuaren akzioak
Dantzan.com webgunea itxi behar izan dute
Eibarko Kezka dantza taldearen eskutik 2001. urtean sortutako
Dantzan.com web orrialdea -2003tik aurrera Dantzan.com elkartea ere
sortu zuten web orrialdea espresuki kudeatzeko-, euskal kulturan
erreferente bihurtu da denbora eta lanaren poderioz. Dantza
tradizionalean arreta berezia jarri izan badu ere, gurean lantzen diren
bestelako dantza mota eta estiloei buruzko informazio zehatza eta
eguneratua ere aurki zitekeen orain artean web orrialde honetan.
Baina, zoritxarrez, urteotan egindako lan fina ez da nahikoa izan egun
bizi dugun krisi egoera latzari aurre egiteko, eta, hala, larunbatean
bulegoa itxi ondoren, atzo webguneko edukiak eguneratzeari utzi behar
izan zioten. Dantzan.com elkarteak adierazitakoaren arabera, "diru
laguntzen beherakadaren eta bestelako diru iturrien urritzearen
ondorioz, itxi beharrean aurkitu gara, ez baitugu orain hamar urte
abiatu genuen gunea ekonomikoki mantentzen jarraitzerik".
"2011 urte beltza izan da ekonomikoki -adierazi dute-, eta Dantzan.com
elkartean ere izan du eragina. Diru laguntzen beherakadarekin batera,
elkarteak martxan zituen beste zenbait jardueratan ere diru sarrerak
nabarmen jaitsi dira, eta egoera larrian geratu gara. 2012rako
aurreikuspenak are eta okerragoak dira, eta egoera horretan ezinezkoa
zaigu Dantzan.com elikatzen duen lantaldea mantentzea".
Dena den, ez dute amore eman nahi eta finantzabideak eskuratzen
saiatuko direla aipatu dute. "Ez dugu agur behin betiko esan nahi,
ahalegin guztiak egingo baititugu finantzazioa lortu eta berriz ere,
ahalik eta azkarren, ataria martxan jartzeko. Egoera ez da ona, baina
saiatu, saiatuko gara".
Dokumentuaren akzioak