Dokumentuaren akzioak
Dantzan, atseginen baratzean
Jeronimo Bosch Herbehereetako margolariaren Atseginen baratzea
lanean oinarrituriko dantza ikuskizuna taularatuko du gaur Blanca Li
dantzariaren konpainiak, Iruñean.
Paradisua, mundua eta infernua erretratatu zituen Boschek XV eta
XV. mendeen arteko urteetan, data ez baitago argi. Boschen irudimenetik
mota guztietako munstroak eta zentzugabeko egoerak atera ziren.
«Nire lanetan beti saiatzen naiz hainbat unibertso nahasten»,
dio Blanca Li koreografoak Atseginen baratzea ikuskizuna
azaltzeko. Pertsonaiak nahasi egiten dira, puzzle gisa antolaturiko gune
batean, kanpoan apokalipsia nagusitzen den bitartean. Boschek bere
garaia erretratatu zuen, eta Liren lanak hura erabiltzen du gure garaia
dantzaz deskribatzeko.
Bederatzi dantzarirentzako eta piano jotzaile batentzako lana
sortu du Lik. Anthony Cazaux, Jean-Gerald Dorseuil eta Geraldine
Fournier dira dantzarietako hiru. Li bera ere haiekin dantzatzen da.
Jeff Cohen eta David Saliamonas pianoan txandakatzen dira. Eve Rambozek
eginiko film bat erabiltzen dute, atzeko irudi gisa.
Montpellierko Dantza Jaialdiaren barruan sortu zuen Lik lana,
2009. urtean. Espainiarra da sortzailea, Granadakoa, baina Frantzian
bizi da 1992. urtetik.
'ATSEGINEN BARATZEA'
Noiz. Gaur, 20:00etan, Gaiarre antzokian.
Dokumentuaren akzioak