Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzan agurtuko dute Joseba Juarez gaur iluntzean

Dokumentuaren akzioak

Dantzan agurtuko dute Joseba Juarez gaur iluntzean

Ostiralean zendu zen ordiziar dantzaria; gaur 19:00etan izango da hileta

Ordizian, Goierri osoan eta haratago ezaguna zen Joseba Juarez. Ostiralean zendu zen dantzaria minbiziaren aurkako borroka luzearen ondoren. Gaur iluntzean arratsaldeko 19:00etan izango da hileta Ordiziako parrokian; azken agurra dantzatuko diote eta nahi duten guztiei parte hartzeko deia egin die Amets Bide dantza taldekoek.
Egilea
Janire Arrondo
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2014/11/10
Lotura
Goierriko Hitza

Ordiziako dantza taldearen urteurren ospakizunetan lehen lerroan izan da aurten Juarez. Dantzari egunean aritu zen dantzan, Santa Ana jaietan txupinazoa botatzeko ardura hartu zuen Edurne Saezekin batera eta urriaren 25eko urteurren jaialdian, berriz, lore sorta jaso zuen kideen eskutik. “Urteurren honetan dantzan gozatu duela badakigu, guk berarekin gozatu dugun bezalaxe”, diote Amets Bidekoek.

Asko izan dira Juarezen heriotza ezagutzean izan diren erreakzioak,  elkarteenak, dantza taldeetakoenak zein norbanakoenak. Aurtzaka dantza taldeko Mikel Sarriegik hala idatzi zuen Dantzan.com web atarian albistea ezagutzean: “Dantza taldeko dantzari eta maisu, Ordiziako tradiziozko maisuen lerro luzeko oinordeko gaztea. Hainbat eta hainbat talde eta dantzarien kide eta lagun izandakoa, gidari izan dugu zorionez azken momentura arte, eta gidari izaten jarraituko du, eredu ederra dugulako. Dantzan bego”.

Ostiralean Joseba Juarez gure artetik joan zitzaigun. Lanak izan genituen berria irensten, borrokatu duen guztiarekin berriz ere gure artean dantzan izango genuela ziur baikeunden. Begiak itxi eta gure artean ikusten dugu; dantzari egunean dantzan, jaietan txupinazoa botatzen… Urteurren honetan dantzan gozatu duela badakigu, guk berarekin gozatu dugun bezalaxe.

Begiak ireki eta bere hutsunea sentitzen dugun bakoitzean, zerura begira jarriko gara. Ondo baitakigu izarrak ere dantzan jarriko dituela! Taulara irteten garen bakoitzean, zerura begiratu eta bertatik arituko zaigu, gure pausoak markatu eta dantzak zuzentzen. Askotariko doluminak jaso ditugu; dantza talde, herritar… maite genuen guztiongandik jasoak eta familiari besarkada bero batez helaraziko dizkiogu.

Zuregatik eta zuretzat, Joseba.

Amets Bide dantza taldea

http://goierri.hitza.eus/files/2014/11/VOe9oPr0.jpg


http://goierri.hitza.eus/files/2014/11/IEU_20140913_0188.jpg

Dokumentuaren akzioak