Aurtengo edizioa berezia izango da 25 urteko ibilbidea ospatuko baitu ekimenak modu zabal batean, nazioarteko konpainia garrantzitsuenen ikusgarriekin. Hala aurten, Vietnamdik, Herbehereetatik, Greziatik edo Portugaldik iritsiko diren proposamenak eszenatokian ikusteko abagunea izango da, eta Italia herrialde gonbidatua izango da.
Gaur berton aurkeztu da Dantza Jaialdiaren XXV. edizioa, Bilboko Arte Ederren Museoan, urte hauetan guztietan babesle izan diren entitateei eskerrik beroenak emanez. Eta bertan izan dira Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Zinegotzia, eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Diputatua.
Horren ostean, Laura Etxebarria Dantzaldiaren zuzendari eta koordinatzaileak parte hartuko duten taldeen gaineko xehetasunak eman ditu. Berak esan du gaur berton izango dela inaugurazioa egungo Dantzako Sari Nazionala den Melania Olcina dantzariaren La declamación muda piezarekin. Bertan, Olcina bera (Bartzelona, 1982) musika zuzenean jotzen duen tronboi-jotzaile batekin aritzen da.
Dantzaldia 2024k hamar bat hitzordu programatu ditu hainbat tokitan (Guggenheim Bilbao, Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbao, Barakaldo Antzokia edo La Fundicion) dantza garaikideaz gozatzeko, abenduaren 5era arte.
Berez, urriaren 1ean hasiko da jaialdia Bilboko Arte Ederren Museoan. Bertan Hang Tho Creative (Vietnam/Herbehereak) eta Small Axe (Grezia) konpainien emanaldiak izango dira. Parte hartuko duten beste konpainia batzuk honako hauek dira: Nicola Galiren Deserto tattile (azaroaren 7an, Azkuna Zentroan), Luna Cenereren Shoes on (azaroaren 17an, La Fundicionen), Jacopo Jennaren Some Choreographies (azaroaren 21ean, Azkuna Zentroan). Gainera, José Maldonado katalanak Galería estreinatuko du Guggenheim Bilbao Museoan (azaroak 23), eta azaroaren 29an, Malagako Rocío Molina dantzari ospetsuak Variaciones de Lo Inefable ikuskizuna eramango du Barakaldo Antzokira.
Ikusgarri horiez gain, Dantza-zinema egongo da, La Singla (Paloma Zapata, 2023) dokumentalaren proiekzioarekin, eta aipatutako Jose Maldonadok profesionalentzako masterclass bat emango du Leioako Andoni Aresti Dantza Eskolan.
Dantzaldiak dantza moderno guztiak dakartza berriz.