Dokumentuaren akzioak
Dantzaldi gidatua izango da Oinkariren Dantza Astean
Villabonako taldeak tailerrak eta Kukairen emanaldia ere antolatu ditu hilaren 14tik 19ra
Aurten ere dantzaren inguruan hainbat irakaspen eskaintzeko baliatu nahi dute Dantza Astea eta hiru tailer antolatu dituzte ikastolako ganbaran. Lehena Kukai Dantza Taldeak eskainiko du 19ko emanaldia ardatz moduan hartuta. Azken urteotan kanpoko koreografoekin egindako lanak taldeari eragin dion aldaketa erakusteaz gain, ibilbide horretan Kukairen mugimendua nola landu eta garatu den aztertuko dute modu praktikoan. 13 eta 17 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako tailerra izango da.
Bigarren mintegia Eneko Gilek eskainiko du hilaren 16an eta jolas eta parte hartze ariketen bitartez, familia dantzara gerturatzea du helburu. Parte hartzaileek, ezinbestean, helduren batekin joan beharko dute. Bi txanda antolatu dituzte: 2009tik 2013ra jaiotakoentzat eta 2004tik 2008ra jaiotakoentzat.
Hirugarren tailerra hilaren 17an izango da eta dantzari zein familiei zuzendurikoa izango da. Dantzarako nola jantzi erakutsiko du Lurdes Esnaolak; alpargatak nola lotu, arropak, ilea nola jaso edo txapela nola jarri.
Azaroaren 18an Kukai Dantza Taldearen saioa iragarri dute. Lotuneak emanaldia eskainiko du Gurea zineman, 22.30ean. Euskal dantza tradizionaletik abiatzen da talde hau ikuskizun garaikideak sortzeko eta Villabonan emanaldia eta tailer praktikoa eskainiko dute. Sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte hamar euroan Amasa kafetegian.
Eta Dantza Astearekin amaitzeko, hilaren 19an, larunbata, dantzaldi gidatua izango da, aurtengo nobedadea. Swarosvka taldearekin erromeria iragarri dute eta Oinkariko irakasleek emanaldia zuzenduko dute Beharzana pilotalekuan, edornork parte hartu ahal izateko. Amaitutakoan txokolate beroa izango da.
Tailerretan parte hartu ahal izateko aurrez harremanak@oinkari.eus helbidera idatzi behar da edo 660 139 380 telefono zenbakira deitu.
Oinkari dantza taldeko dantzariak emanaldi batean. (Oinkari)
Dokumentuaren akzioak