Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruko bigarren hitzordua izan da gaur, igandearekin. Dantzaki dantza eskolako kideek emanaldia eskaini dute 19:00etan hasita, Soreasu antzokian, eta jendetza izan da hura ikusten. Adin desberdinetako ikasleak izan dira gaurkoan protagonista, eta areto dantzak ez ezik, funky dantzak ere ikusi ahal izan dira. Askotariko doinuak, askotariko pausoak, askotariko koloreak.
Saioaren hasiera berezia izan da, gainera. Izan ere, Jose Mari Orbegozo dantzari eta Dantzakiren gidariak lagun zuen eta joan zen apirilean hil zen Silvia Gambino aktorea izan du gogoan. Hain zuzen ere, harekin ateratako argazkiekin osatutako bideoa ikusi ahal izan da. Ondoren, Orbegozok dantza egin du, beraren eta maiatzean hil zen amaren irudia atzeko pantailan zuela.
Datorren astean izango da Azpeitia Dantzanen barruko hirugarren eta azken saioa. Itsasi dantza taldearen txanda izango da igandean, 19:00etan, Soreasu antzokian. Itsasiko dantzariek Arkupean ikuskizuna taularatuko dute. Lehen emanaldia, berriz, Sahatsa dantza taldeak eskaini zuen aurreko zapatuan.