Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzak plazara berriro ere

Dokumentuaren akzioak

Dantzak plazara berriro ere

Erromeria Eguna ospatuko dute uztailaren 16an Errenterian, Ereintza taldeak antolatuta. Uztailaren 17an, 'Errenteria dantzan' eguna egingo dute, Gineako dantza talde batekin batera
Egilea
Miren Mujika Telleria
Komunikabidea
Berria
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2022/07/06
Lotura
Berria

Errenteriako Erromeria Egunaren antolatzaileak, egitaraua esku artean dutela.

Errenteriako Erromeria Egunaren antolatzaileak, egitaraua esku artean dutela. GORKA RUBIO/ FOKU

Bi urteren ondoren, bueltan dira fandango eta arin-arinak Errenterian (Gipuzkoa), uztailaren 16an Erromeria Eguna ospatuko baitute, Ereintza dantza taldeak antolatuta. Pandemiak bi urtez ospakizuna galarazi duen arren, 23. aldia du aurtengoa, eta «gogo handiz» itzuliko direla adierazi dute antolatzaileek. Horretarako, egun osoko egitarau bat osatu dute.

Vanesa Castaño Ereintza dantza taldeko kideak eman du egitarau osoaren berri. Ohi bezala, 10:45ean musikariek emango diote hasiera egunari, kalez kale, «jendea esnatu dadin eta anima dadin ondo pasatzera». Bitarte horretan, gainera, Errenteriako IX. Bola Joko Sari Handia antolatu dute Niessen elkarteko kideek.

Horrez gain, hamaiketakoa egingo dute 11:30ean. Eta, bazkaltzeko garaira arte, kalez kale dantzatzeko aukera izango da Aiko taldearekin batera. Castañosen hitzetan, dantza plazetara eraman nahi izan du beti Aikok, eta, horregatik, «aukera paregabea da hau jendea dantzara animatzeko».

Segidan izango da herri bazkaria: Zumardian, 14:30ean. Ereintzako kide Maialen Iribarrenek nabarmendu duenez, 350 bat lagunentzako bazkaria izango dela aurreikusten dute. Jada salgai daude, gainera, bertaratzeko txartelak: Arkaitza tabernan eta Paki dietetika zentroan. Gaztetxoek 8 euroan erosi ahal izango dituzte, eta helduek, berriz, 15 euroan.

Zumardian bertan izango da eguneko ekintza nagusia: erromeria. Lehenik, txalapartariek eta musikariek alaituko dute bazkalondoko giroa, eta Patxi eta Konpainiarekin amaituko da eguna. 

Errenterian baserritarrez janzteko eguna izango da hilaren 16a, eta Castañosek zera azpimarratu nahi izan du: «Edozein da gai egingo ditugun dantzak dantzatzeko. Jendea elkartzea da helburua, eta, batez ere, ondo pasatzea». Hori dela eta, egun on batez gozatu nahi duen oro gonbidatu du Ereintza dantza taldeak eurek antolatutako egitarauan parte hartzera. «Beste urte batzuetan jende asko etorri da, eta espero dugu aurten ere hala izatea».

Dantzarako asteburua

Erromeria egunarekin gutxi ez, eta dantza gehiagorekin borobilduko dute asteburua; urtero bezala, Errenteria dantzan eguna egingo baitute hurrengo egunean, uztailaren 17an. «Nazioarteko eguna izango da», hala abiatu da Ainhoa Uria, Ereintza dantza taldeko kidea. Izan ere, Gineako Grupo Cultural Netos de Bandim taldea gonbidatu dute dantzara. Uriak azaldu du Afrikako ondarea zabaltzen duen talde garrantzitsu bat dela, eta hango haur eta gazteen integrazio soziokulturala sustatzen ahalegintzen dela, hain zuzen.

Arratsaldeko zazpietan hasiko dira bi taldeen dantzak, Zumardian. Errenteriako taldeko hamabost dantzarik parte hartuko dute, eta Gineako taldeko 30 kidek. Zortzi izango dira perkusio jotzaileak eta, horrez gain, bi pertsona arituko dira dantzen zuzendari lanetan.

Errenteriako Erromeria Eguna 

Uztailaren 17an, Errenterian (Gipuzkoa), egun osoan.

Dokumentuaren akzioak