Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzak gaurkotzea

Dokumentuaren akzioak

Dantzak gaurkotzea

Egilea
Amaia Igartua Aristondo
Komunikabidea
Berria
Tokia
Lekeitio
Mota
Erreportajea
Data
2022/06/27
Lotura
Berria

Ordubete lehenago heldu dira batzuk, eta zintzo daude zain Lekeitioko (Bizkaia) San Pedroren arkuaren inguruan, irrikaz. Alde batera eta bestera ari dira begira kutxa nondik sartuko, eta, eguerdia pasatuta, mahonez jantzitako zortzi lagunen sorbalden eta kaxaren gainean iritsi da Ane Maruri Etorkizuna dantza taldeko kidea. Jendetzarengana hurbildu denean sakon hartu du arnasa hainbat aldiz, urduri antzean. San Pedroren irudi aurrean kokatu dira, eta dantzan hasi da Maruri. San Pedro eguna da Lekeition.

Ikusi gehiago: Ane Maruri, dantzaria: «Etorkizuna dantza taldearen filosofia beti izan da aldaketak egitea»

«Historikoa izan da». Hala laburbildu du bertaratutako emakume batek. Izan ere, historian lehen aldiz emakume batek dantzatu du Lekeitioko kaxarranka, eta ikusleek pozik hartu dute mugarria. «Aupa, Ane!», entzun da hainbatetan, eta Maruri txaloekin eta irrintziekin lagundu dute askok, bai hasieran, baita ondorengo dantzetan ere. Duela 50 urtetik bi gizon aritu dira kaxaren gainean: Pedro Murelagarei aurrena, eta Asier Uskola 2003tik. Lesio bat tarteko, aurten andre bati egokitu zaio beharra.

Javier TelleriaPedro Murelagarei kaxarranka dantzatzen, 1980ko San Pedro egunean. Bizkaiko Dantzarien Biltzarra

Gertutik ikusi du dantza Mireia Lenizek. Maruri laguna du, eta hartaz «oso harro» dagoela esan du. «Hunkituta» ere badago. «Emakume batek dantza tradizional hau egin duelako, eta herriko festa handia delako». Era berean, gertatutakoarekin «oso pozik» dago Antxone Telleria: «Neska gazte batek hartu duelako erreleboa, ohitura apurtu duelako apur bat. Uste dut gauza positiboa dela. Klixeak apurtzeko garaia zen. Gainera, oso ondo egin du dantzan».

Arrantzaleen kofradiaren aurrean egin du dantza Marurik ondoren. Han ere, publikoak gozatu du ikuskizunaz, eta igarri da. Dantzek Udaletxeko plaza hartu dute jarraian. Etorkizuna dantza taldeko kideek sokadantza egin dute: kolore askotariko mantoiak daramatzate soinean, eta, eguzkiak bete-betean jotzen duen arren, eta ikuskizunaren iraupena gorabehera, ederto aritu dira. Hasierako taldea handituz joan da, eta, besteak beste, Miren Agur Meabe idazleak ere egin du dantzan gazteekin.

"XVI. eta XVIII. mendeetako agirietan, aipatzen da kaxarrankarekin batera gizon eta andreek dantzatzen zutela"

Iñaki Irigoien. Dantzari ohia eta aditua

Sokadantza bukatu denean, plazaren erdian kokatu dira Maruri eta garraiatzaileak, eta hirugarren eta azken saioari ekin dio dantzariak. Are ozenagoak izan dira txaloak, animo oihuak eta txistuak. «Lehen emakumea da», gogorarazi dio andre batek bere lagunari. «Eta ez da bakarra izango», gehitu du.

Soka luzeko jauziak

Kaxarranka eta sokadantza, biak ala biak dira aspaldikoak. Kaxarranka, zehazki, XV. mendeko agirietan aipatzen da, Iñaki Irigoien dantzari ohi eta adituaren arabera, eta XV. eta XVI. mendeetako «dokumentazio asko» dago haren inguruan. Itsas munduan du jatorria: garai hartan, arrantzaleen kofradiak urtero izendatzen zuen bere lehendakaria, eta izendapen horri lotuta dago dantza. Kutxa mardularen barruan garraiatzen ziren agiriak, utzi berria zuen lehendakariaren etxetik berriarenera, eta segizio batek laguntzen zuen lekualdaketa.

Javier TelleriaSokadantza, berriro. Sokadantza dantzatzeari utzi zioten 1939. urtean, eta 1975an berriz egin zuten. Iñaki Irigoien

Hasieran, ordea, ez zen dantzaririk joaten kaxaren gainean, baizik eta San Pedroren irudi bat, eta segizioan San Joan eta San Andresen estatuatxoak ere eramaten zituzten. XIX. menderako, aldatua zen moldea, dantzariak ordezkatua zuen jada santua. «Garai hartako dokumentazioan agertzen da gizon batek egiten zuela dantzan kaxa gainean», Irigoienen hitzetan. Kofradiako kide bat izaten zen beti, eta orduko arropekin aritzen zen, San Pedroren irudia zuen banderatxo bat eramaten zuen eskuan, eta fraka eta txapela soinean. Gaur egun bezala, hain justu. «Modelo hori geratu da gaur arte».

Elementu batzuek iraun duten arren, kaxarrankaren hainbat xehetasun aldatuz joan dira; horietako zenbait, halabeharrez. Esaterako, tradizionalki kofradiako gizonek baino ezin zuten dantzatu kutxa gainean, baina arrantzaren sektorean jazotako aldaketek eragina izan dute horretan ere. Irigoienek azaldu duenez, gaur egun bestelakoa da dantzaria hautatzeko irizpidea; kofradiak ez du buruz aldatzen urtero, eta kutxa elementu sinboliko bat baino ez da dagoeneko: kofradiako bulegoan egoten da, eta aspalditik hutsik eramaten dute San Pedro egunean, ekainaren 29an.

Emakumeak, beti dantzan

Orain arte gizonak baino ez dira aritu kaxarrankan, baina andrazkoek eurentzako tokia egin zuten plazan. Irigoienen hitzetan, «XVI. eta XVII. mendeetako agirietan aipatzen da kaxarrankarekin batera gizonek eta emakumeek egiten zutela dantzan». Eta, XIX. mendean, «argi dago» emakumeek aurreskua dantzatzen zutela udaleko kontuen ordainketan. Gutxienez, ordukoa da andreen sokadantza, nesken aurreskua edo eguzki dantza ere deitzen zaion hori.

XX. mendearen hasieran dantzatzen zuten, orobat, eta beste horrenbeste 1939an ere. Ordutik, ordea, urte askoz dantzatu gabe egon zen, «baina modeloa ederto gorde zen, bere soinu, pauso eta guzti». Hori horrela, Irigoienen ustez ez zen «galdu», eta, beraz, ezta «berreskuratu» ere. Baina, haren ekimenez, besteak beste, berriro hasi ziren egiten. 1975ean, Markina-Xemeingo Zerutxu taldeak antolatu zuen, eta hortik aurrera lekeitiarrek hartu zuten ardura ostera ere.

"Lehen jendeak ez zekien eguzki dantzaren izena ere. Orain badakite beste dantza autoktono bat dagoela"

Maider Madarieta. Etorkizuna dantza taldeko arduraduna

Udalerriko Etorkizuna dantza taldeak 45 urte ditu, eta urte horiek guztiak daramatzate eguzki dantza egiten. San Joan egunean dantzatzen zelako du izen hori, Maider Madarieta taldeko arduradunak azaldu duenez. «Izatez, eguzkiari dantzatzen zaio, hiru bider. Lehenengo, 07:00etako meza eta gero. Bigarrenik, eguerdiko mezaren ostean, eguzkia goian dagoenean. Eta, hirugarren aldiz, arratsaldeko meza eta gero, iluntzean, eguzkia sartzen denean. Lehen dena egoten zen mezekin erlazionatuta».

Orain, kaxarrankaren egun berean dantzatzen dute, Lekeitioko Udaletxeko plazan. Baina 2018an, San Joan eguna asteburuan izan zela aprobetxatuta, jatorrizko egunean eta moldean egin zuten; hau da, hiru aldiz dantzatuta. Eta hala egiteko konpromisoa hartu dute aurrerantzean ere, San Joan eguna larunbata edo igandea denean. Beraz, datorren urtean ere jatorrizkoa dantzatzeko aukera izango dute, gauzak ondo bidean.

Horrek «ikusgaitasun» handiagoa emango dio eguzki dantzari, Madarietaren irudiko. Izan ere, kaxarranka baino lehen egiten dute, eta, dioenez, jende batentzat «luzeegia» da, gerokoaren zain baitaude. «Bigarren plano» batean jartzen dutela uste du. Hala ere, gero eta ezagunagoa da eguzki dantza. «Aldaketa egon da harrerari dagokionez. Lehen, dantzaren izena ere ez zekiten. Orain badakite Lekeition badagoela beste dantza autoktono bat kaxarrankaz gain, eta garrantzia daukala».

Bihar: Herri bat dantzan (IV): Iparraldeko dantza jauziak.

Dokumentuaren akzioak