Dokumentuaren akzioak
Dantzak batzen ditu
Heldutasunera iritsi da Gaztefolk Bidasoko Gazteen Nazioarteko Folklore jaialdia, hogei urte bete baititu.
“Duela hogei urte ez zen deitzen Gaztefolk”, zehaztu du ekitaldiren atzean dagoen Eraiki dantza taldeko kide batek, Koldo Riberak. Orduan, Bidasoko Gazteen Folklore Jaialdia zen. Hori sortzeko motibazio nagusia gazteen artean dantza sustatzea izan zen: “Dantza haur eta gaztetxoekin lotzen zen, eta 10-16 urtekoen buelta horretan ikusten genuen dantzariek alde egiten zutela beste aisia aukera batzuetara”, azaldu du Riberak. Horrela, dantza jaialdi bat egitea bururatu zitzaien, non protagonistak gazteak eurak izango ziren. Helburu nagusia adin horretako jendea erakartzea eta euren lana erakusteko beste modu bat sortzea zen, eta, “bide batez, nazioartean sona hartzea, kanpoko taldeak erakartzeko”. Era berean, Irunen folkloreari lotutako ekintza asko izaten ez zirela ikusita, horien presentzia bermatu eta bultzada eman nahi izan zuten antolatzaileek.
Lehen jaialdi hartan, Espainiako Estatuko taldeen bisita jaso zuten, eta Kroaziatik etorri zen talde bat. Hasierak gogorrak izan zirela du gogoan Riberak: “Jendearen borondatearekin atera genuen aurrera, eta gure dantza taldeko neska-mutilen etxeetara joaten ziren lo egitera”. Urteen poderioz, ordea, beste sistema batzuk asmatu dituzte, eta, egun, herriko ikastetxe bat egokitzen dute egoitza gisa —bertan lo egiten dute talde guztiek—. Gazteluzar eskolan egongo dira aurten.
Hogeigarren ekitaldi honetan, Georgiatik, Poloniatik, Perutik eta Ukrainatik etorriko dira dantzariak. Aspaldiko partez, Ozeano Atlantikoa gurutzatzea lortu dute. Nazioarteko taldeak ekartzea, ordea, ez da batere lan samurra izaten, eta administrazio arloko tramiteei —oztopo nagusia— ekonomikoa batu behar zaie. “Gaur egun, jaialdiaren kostuaren zati handi bat boluntario lanaren bidez ateratzen da aurrera; esate baterako, janariak, lo egiteko tokia, garbiketa, kartelak banatzea eta abar haien esku dago”. Horiek gabe ezingo litzatekeela jaialdia sostengatu, Riberak zehaztu duenez.
Gaztefolk errotuta dagoen arren, jaialdiak gazterian eta Irungo gizartean eragin handiagoa izan dezan oraindik ere bide luzea duela aitortu du Eraiki dantza taldeko kideak. Gaur egun, hori gauzatu ahal izateko aukerak aztertzen ari dira. Helburuak lortzeko estrategia batzuk ekintza gehiago denbora laburragoan kontzentratzea edo kalean denbora gehiago pasatzea izan daitezke, Riberaren iritziz.
Orain lanean ari diren ildo nagusia elkarlanarena da. Horrela, beste elkarte batzuekin lan egin nahi dute, lagundu dezaten eta jaialdia haz dadin. Dagoeneko hasi dira Solas Jolas udalekuekin lanean, zahar egoitzekin, musika eta kulturaren arlo batzuekin… Esaterako, aurten, Irungo bandaren laguntza izan dute inaugurazio ekitaldian, eta talde bakoitzaren pieza bana jo dute.
Riberaren esanetan, beste erronka bat da jaialdiaren sostengu ekonomikoa eta baliabideak mantentzea. Egun, udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du. “Atzetik babesa eduki behar dugu, eta, askotan, kosta egiten zaigu hori aurkitzea”.
Dokumentuaren akzioak