Dokumentuaren akzioak
Dantzak Antxoko kaleak hartu ditu: hemen da PDF
Iurre Aranburu eta Aiert Beobide, Gure Zumardian.
PDF urtetik urtera handitzen joan den jaialdia dela adierazi dute bi sustatzaileek. Duela zazpi urte jarri ziren martxan, Pasaian dantzaren presentzia handitzeko asmoarekin. Haatik-eko kideak udaleko Kultura sailarekin jarri ziren harremanetan, eta hortik sortu zen jaialdia. Lehen ekitaldia, 2019koa, esperimentu moduan egin zuten, eta arrakastatsua izan zela aitortu dute biek. Udaletik eta herritarrengandik jaso zuten mezu nagusiena PDFk jarraitu behar zuela izan zen. Zazpi urteren ondoren, martxan dago jada zazpigarren ekitaldia, eta indartsu lurreratu da Antxon, atzo hiru emanaldi jaso baitzituen Gure Zumardiak.
Lehen ekitaldiaren ondoren, etengabe espazioetara eta Antxoren egoerara moldatzen joan behar izan dira antolatzaileak. Bigarren urtean pandemia iritsi zen. Hirugarrenean eremuekin, distantziekin eta maskarekin egin behar izan zuten dena. Laugarrenean, aldiz, topoko obrek barrutia hankaz gora jarri zuten. «Urtetik urtera guk berritasunak bilatu beharrean, herriak eman dizkigu», esan du Aranburuk. Hori dela eta, espazio berriak bilatzeari ekin zioten, eta Luzuriagako parkea perfektua iruditu zitzaien, herrigunetik ihes egiten laguntzen baitu. Gune hori geratzeko etorri dela baietsi dute sustatzaileek, eta bertara lau ikuskizun eramateaz gain, food truck zerbitzua eta taberna ere jarriko dituzte han.
Luzuriagakoaz gain, beste lau gune egokitu dituzte PDFrako: skate parkeko harmailak, skate parka, Ibaiondo eta Gure Zumardia. Euria egingo balu, Ibaiondoko frontoira lekualdatuko lituzkete emanaldiak, hori da ordezko plana. Bertan dantza urbanoa, klasikoa edota euskal dantza topatuko dituzte Antxora bertaratzen direnek, sustatzaileen helburua baita estilo ezberdinak uztartzea eta dantza bere osotasunean ulertzea. Piezak, oro har, motzak izango direla aurreratu du Beobidek; hau da, ez dira oso luzeak eta astunak izango. Emanaldi batetik bestera, gainera, denbora tarte nahikoa egongo da gune batetik bestera mugitzeko, eta ikuskizunak ez dira gainjarriko haien artean, guztiez gozatu ahal izango da.
Publiko berriak sortzen
PDFk duen berezitasunetako bat da kaletarra dela eta ontzen dituzten jarduera den-denak doakoak direla. Dantza kalera eramatearen xedea da publiko berriak sortzea, herrigunean denez, erraza baita herritarrentzat emanaldietara gerturatzea: «Dantzak ez du mugarik, edonorengana irits gaitezke, guztiok gerturatzen gaitu bertara, eta dantza hurbiltzen eta normalizatzen dugu». Horrez gain, dantza zaletasuna areagotzen dela ziur dira, eta gakoa ere sentsibilizatzea dela aitortu dute.
Beste jaialdi batzuekin alderatuta, PDF herritik eta herriarentzat den jaialdia dela adierazi eta herrigintza egiteko aitzakia aproposa dela nabarmendu du Beobidek. Horrek esan nahi du antxotarrek eta pasaitarrek protagonismo handia dutela programazioan. Herriko hiru ikastetxeekin ere lanketa egiten dute Hik Dantza Sentitu egitasmoarekin, dantza ikasleei ere gerturatzeko. HHko ikasleek, gainera, Maitane Sarralderen emanaldiaz gozatu ahal izango dute gaur.
Dokumentuaren akzioak