Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Dantzagurea' ikusgarriaren emanaldia Bi Harriz Lau Xori festibalean

Dokumentuaren akzioak

'Dantzagurea' ikusgarriaren emanaldia Bi Harriz Lau Xori festibalean

Martxoaren 22an abiatzen den Biarriz Lau Xori festibalak "Dantzagurea" kontzertu dantzatuaren aurkezpena errezibituko du. Idurre Azkue eta Joseba Irazokiren emanaldiak dantzatzeko gogoak bultzatuta sorturiko proposamen ezohikoa da.
Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Kazeta.eus
Mota
Albistea
Data
2017/03/22
Lotura
Kazeta.eus

"Dantzagurea" dantzatzeko gogoak, nahiak, bultzatuta sortu zen eta Idurre Azkue dantzaria eta Joseba Irazoki musikaria eszenatoki gainean jartzen dituen ikuskizuna da. Ezohiko obra bat da, normalean ez bezala, istoriorik edo mezurik ez baitu transmititzen, energia eta emozioak baizik, Garako artikuluak azaldu duenez. "Emanaldiak egiten ditugunean ikusleak kutsatzeko nahia bada, eta batzuetan ikusle batzuk nirekin eszenatoki gainera dantza egitera etortzeko gogoa izan dutela esan izan didate", baieztatu zuen Azkuek.

Obraren izenak aditzera ematen duen bezala, Azkueren gogoa, gura ("gurea") du piezak jatorri. "Behar sakona sentitzen nuen dantzatzeko, espazioan askatasuna adierazteko, zoriontasuna". Horren atzetik dagoen gogoeta eta obraren sorreraren ibilbidearen nondik norakoak azaldu zituen: "Mugimenduan, dantzatzean pizten den energiari buruz pentsatzean konturatu nintzen zuzeneko musika behar nuela". Joseba Irazoki begi itsuan hautatu omen zuen sortzaileak: "Josebaren oso fana naiz, eta segituan proposatu nion".

Irazokik musika jotzeaz gain bere espazioa betetzen du agertoki gainean, gorputzarekin ere adierazten baitu. "Obrak zentzua du elkarrekin gaudelako, Joseba ez da gelditzen, bere gorputzak adierazi egiten du, mugitzen du, oso eskuzabala da. Gitarrarekin dantzatzen du", azaldu zuen dantzariak.

Jotzen duen musikak ere proiektuaren oinarriarekin egiten du bat, pieza bakar batean erritmo eta intentsitate ezberdinak sentitzen baitira 40 minutuan zehar. "Kontzertu esperimental" gisa ere definitu daitekeela baieztatu zuen Azkuek; izan ere, esperimentatzeko helburuarekin sortu zen, "ez ezer kontatzeko".

Energiak garrantzi handia dauka, obraren parte handi bat inprobisatzen baitute bai musikariak, baita dantzariak ere. "Ikuspegi energetikoak garrantzi handia dauka, ez nuen koreografia itxia izatea nahi, espazioan esperimentatzen dut. Baina piezak oso egitura itxia du, hasiera eta bukaerarekin" nabarmendu zuen. Hala ere, egituratik kanpoko askatasuna dela-eta obra behin ere ez dela berdina azpimarratu zuen.

Bi artisten arteko adierazpenak bat egiteko ikuskizunean aurretik finkatutako markak dituzte: "Josebak eta nik ibilbidea badakigu, obra in crescendo doa. Oso mugimendu eta musika sutilarekin hasten da, gora eta gora abiatzen da, leherketa bat izan arte, eta orduan behera egiten du".

"Proiektu ez konbentzionala" dela baieztatzearekin batera lengoaia mota hori gustatzen zaiola gehitu zuen sortzaileak: "Ez dira ezagutzen ditugun formak eta mugimenduak".

Bi Harriz Lau Xori

Dantza, zirkua, musika eta antzerkia elkartuko ditu aurten Biarritzen euskal kulturak eta kanpokoak batzen dituen hitzorduak. Martxoaren 22an hasiko da Rouge Elea konpainiaren "Hau da nire ametsen kolorea" ikuskizunarekin. Dantza eta zirkua uztartzen dituen obra hildakoei eskainia izan da. Koliseoa aretoan izanen da 20:30etik goiti.

Ostegunean Erik Truffaz Quarteten kontzertua izanen da Atabalen. "Jazz musikaren eta pop instrumentalaren mugan segitzen du, originaltasunaren eta eskuragarritasunaren arteko oreka arriskutsuan", antolatzaileen hitzetan. Laukoteari harrera egiteko aurreikusia zen kontzertua bertan behera gelditu da, eta horren ordez, Oiartzualdeko Muskulo taldea arituko da. Euskal Irratiek antolatutako Tremplineko irabazleek "Lau" izeneko lan laburra kaleratu berri dute.

Ostirala antzerkiaren gaua izanen da Koliseoan. Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiak elkarrekin sortutako "Francoren bilobari gutuna" antzezlana ikusteko parada izanen da. Euskal Herriko historia hurbilari begirada kritiko zorrotza egiten dion obra ikusteko parada izanen da.

Jaialdia bukatzeko "Dantzagurea" izanen da larunbatean Koliseoan, 20:30ean. Obrak Eusko Jaurlaritzako Dantzan Bilaka eta Bilboeszenako Artistak egoitza- bekak jaso ditu.

0321_kul_dantzagurea

'Dantzagurea' ikusgarriak bukaera emanen dio larunbatean festibalari.

Dokumentuaren akzioak