Dantza Zirkuituak hiru lan atondu ditu asteburu honetan Urkabustaizen, Errenterian eta Zarautzen.
Uztailaren 8an, Maurizia Naz ikuskizuna iritsiko da Urkabustaizera, Aukeran Dantza Konpainiaren eskutik. Aukeran taldearen koreografiak dantza tradizionala eta hizkuntza garaikidea uztartzen ditu, eta Maurizia Aldeiturriaga panderojolea da ikuskizunaren haria. “Maurizia Aldeiturriaga lehen emakume panderojolea, plazarik plaza panderoa hartu eta bere ahots eta izaera boteretsua lau haizeetara zabaldu zuen emakume sendoa. Emakume eredugarri hau abiapuntu hartuta bere baitan dituen alderdi ezberdinak taularatzen dira: alde indartsua, ahula, aurpegirik gogorrena eta xamurrena, alderik argiena eta ilunena, irudi astun eta primarioa edo arin eta sofistikatua. Beti ere panderoa ardatz harturik , emakume honen eta guztien ahotsa islatzen duen kale ikuskizuna.”
Aurreko egunean, hilak 7, Errenteriako Gernika plazan, Gazte ikuskizuna aurkeztuko da. “Kaleko dantza ikuskizun gaztea, gazteekin egina eta gazteak mintzo eta mintzagai. Estetika eta lengoaia propio baten bila jarraitzeko asmoak eraginda, ikuskizunak Euskal Dantza abiapuntu izanda, Dantza Garaikidea eta garaiko dantza modernoak eta gorputz mugimendua uztartuko ditu, ahotsari eta testuari ere tokia utzita.”
Egun berean, baina Zarautzen, DOOS kolektibo artistikoak Lof Ladies on Fight egingo du. “Emakume-borroka libreko formatua duen dantza tragikomikoa da. Ringa, lau borrokalari, arbitroa eta finala. Borroka honetan, prekarietatea, lehiakortasuna eta eguneroko sexualizazioa jartzen dira soken kontra.”