Dokumentuaren akzioak
'Dantza' Zinemaldiko Sail Ofizialean izango da
Zinemaldia - Irailak 21-29
Donostiako Zinemaldiak gaur aurkeztu du, Madrilen, euskal zinemak eta Espainiako Estatukoak irailaren 21etik 29ra ospatuko den 66. edizioan izango duten isla. ‘Dantza’ Telmo Esnalen filma Sail Ofizialean ikusi ahalko da, lehiatik kanpo, Proiekzio Berezi gisa.
“Bizitzaren eta heriotzaren zikloari buruzko istorio bat” da “Dantza”, ETBren babesa duen filma, Txintxua Films ekoiztetxetik azaldu dutenez, “bizirik irauteko borrokarena. Eta dantza da hori kontatzeko hautatutako hizkuntza”.
Bestalde, jakina zenez, "Oreina" Koldo Almandoz zinemagile donostiarraren fikziozko lehen filmak New Directors sailean parte hartuko du.
Halaber, Cannesetik igaro ondoren, Raúl de la Fuente nafarrak eta Damian Nenowek “Another Day of Life” Ryszard Kapuscinskiren eleberri homonimoaren moldaketa animatua aurkeztuko dute Perlak sailean.
Maddi Barberrek, bestalde, “592 metroz goiti” Kimuak 2018 katalogoko film laburra erakutsiko du Zabaltegi Takalera sailean.
Urrezko Maskorrerako borroka
Bestalde, Iciar Bollain hirugarrenez lehiatuko da Sail Ofizialean, “Yuli” Londreseko Royal Balleteko dantzari nagusi bihurtu zen lehen beltzaren istorioa kontatzen duen filmarekin oraingoan.
Isaki Lacuesta 2011ko Urrezko Maskorraren irabazlea berriro izango da Sail Ofizialean: “Entre dos aguas” bi anaiaren istorioa aurkeztuko du.
Beste irabazle batek, 2014ko Urrezko Maskorraren irabazle Carlos Vermutek, “Quién te cantará” pelikularen iritsiko da oraingoan Donostiara, Najwa Nimri, Eva Llorach, Carme Elías eta Natalia de Molina aktoreek jositako istorioarekin.
Gainera, Rodrigo Sorogoyenek “El reino” aurkeztuko du Sail Ofizialean, eta Enrique Urbizuk “Gigantes” Jorge Doradorekin batera idatzitako telesaila, lehiaz kanpo.
Halaber, Proiekzio Berezien artean, Telmo Esnalen lanaz gain, “Tiempo después” Jose Luis Cuerdaren lana “Amanece, que no es poco” obraren jarraipena ikusi ahalko da.
'Bizitzaren eta heriotzaren zikloari buruzko istorio bat' da 'Dantza'
Dokumentuaren akzioak