Dokumentuaren akzioak
Dantza tradizionala sustatzeko erromeriak
«Dantzaz gozatzeko aukera bikaina» eskainiko dute hainbat herritan. Gipuzkoan, Errenterian eta Zarautzen egingo dute geldialdia
Aiko taldeak Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko zenbait herri bisitatuko ditu uztailean, sei erromeria eskaintzeko. Zehazki, Errenteria, Zarautz, Iruñea, Barakaldo, Gernika eta Lemoa izango dira Aikok bisitatuko dituen sei udalerriak, «dantza tradizionala eta ospakizun herrikoiak berrindartzeko bokazioari jarraituz», taldeko arduradunek adierazi dutenez.
Egunotan ospatzen ari diren San Fermin jaiak direla-eta jendez gainezka dauden Iruñeko kale zaharrak izango dira dantzaldi erromeria jasoko duten lehenbizikoak, ostegunean, uztailaren 14an, eta 19:00etatik aurrera ikuskizun horretaz gozatu ahal izango da Sarasate pasealekuan.
«Dantzaz gozatzeko aukera bikaina, dantza herrikoien koreografia tradizionalaren oinarrizko klabeak ikasiz, eta guztia maisu eta musikari profesionalek gidatuta, gozamenean eta dibertsioan oinarritutako giroan», nabarmendu dute.
Jende guztiari taldeaz gozatzeko aukera eskainiko dioten hurrengo hitzorduak ostiralean eta larunbatean izango dira Barakaldoko Herriko Plazan (20:00etan), Karmen Jaien barruan, eta Errenterian (19:00etan), hurrenez hurren.
Ia astebeteko atsedenaldia izango dute Aiko taldeko kideek uztailaren 22an Zarautzera joan aurretik. Bertan erromeria eskainiko dute Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkartearekin lankidetzan, arratsaldeko 20:00etan. Jardunaldien egitaraua amaitzeko, Gernika bisitatuko dute uztailaren 30ean, Euskal Museoaren 25. urteurrena dela eta, 19:00etan, eta hurrengo egunean, hilaren 31n, Lemoa, 20:30ean, herriko jaietan.
Aikoren tailer bat, Donostian. / DV
Dokumentuaren akzioak