Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza Topaketa berezia ostiralean

Dokumentuaren akzioak

Dantza Topaketa berezia ostiralean

Apirilaren 29an, ostiralean, dantzaren nazioarteko eguna ospatzen da. Mundu osoan ekitaldiak burutuko dira eta Lasarte-Orian ere Kukuka Antzerki eta dantza eskolak sustatuta herriko dantza eskolen emanaldi berezia izango da.

Komunikabidea
Txintxarri
Mota
Albistea
Data
2016/04/26
Lotura
Txintxarri

Laugarren urtez, Kukuka antzerki eta dantza eskolak mundu osoan antolatu diren dantzaren nazioarteko egunaren ospakizunekin bat egingo du eta Lasarte-Orian dantzan duen presentzia gerian utziko du. Horretarako, ostiralean, dantzaren egunean bertan, 20:00etatik aurrera, Okendo plazan herriko dantza eskolen topaketa antolatu du.
Kukukak, Erketz EDTk, Amaia Gonzalez Caballero eta bere ikasleak eta Semblante Andaluz elkarteko dantza taldeak izango dira emanaldi berezi batean.
Kukukako lagunek aipatu digutenez, “urtero saiatzen gara zerbait ezberdina egiten,  erakustaldi soila izan ez dadin”.

Eskola arteko “jolasa” 

Hori dela eta, aurtengo emanaldiak bi zati izango ditu.

Lehenik talde guztiek erakustaldi txiki bat egingo dute. Dantza estilo aniztasuna erakutsiko dute honetan, dantza garaikidea, euskal dantza, sevillanak edo saltsaz gozatu ahalko da.

Bigarren zatia, berriz, eskolen arteko “jolasa” izango da.

Oholtza gainean, dantza estilo ezberdinen berdintasunak ikusi ahalko dira. “Estiloak alderatuko ditugu haien artean dauden antzekotasunak ikusteko,” aipatu dute.

Era honetara, musika kubatarraren laguntzaz, “ruedo” kubatarra eta muxikoak dantzatuko dira batera.

Euskal musikarekin berriz, banakakoa eta funkyaren mugimenduez gozatu ahalko da eta euskal fandangoa eta sevillanak ere dantzatuko dituzte.

Ekitaldiari amaiera emateko dantzaren nazioarteko egunaren manifestua irakurriko da. Urtero dantzari edo koreografo batek idazten duen testua dugu manifestua.Aurten Lemi Ponifasio koreografo samoarrak izan du ohorea eta  'Karakia' du izenburu.

Irakurketa egiten den bitartean, eskola ezberdinetako kideek soka-dantza egingo dute. Honen bitartez “komunitate berekoak garela“ irudikatu nahi dugu.

Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldia Manuel Lekuona kultur etxean egingo dela aurreratu dute.

Honetaz gain, topaketa antolatzeko Udalaren laguntza ere izan dutela jakitera eman nahi izan dute.

Dokumentuaren akzioak