Dokumentuaren akzioak
Dantza taldearen argazkiak ikusgai, kultur astearen barruan
Andra Mari dantza taldeak, aste hori, bere 20. urteurrena ospatzeko baliatuko du. Horrela, aste osoan zehar, sortu zenetik gaur egunerarteko argazkiez osatutako erakusketa bat antolatu dute, udaletxeko batzar aretoan.
Argazkirik gehienak dantza taldeak gordeta euki dituenak dira, baina mañariarrek ere utzi dizkiete beste batzuk. Izan ere, orain bi-hiru aste herritarrei erakusketa osatzeko lagungarri izan litezkeen argazkiak estankoan uzteko eskatu zieten eta banaka batzuk jaso dituztela adierazi digute taldeko kideek. Erakusketan dantzarako erabiltzen dituzten soinekoak eta jantziak ere ikusgai ipiniko dituzte.
Horrez gainera, DVDaren bidez, argazkiak telebista batean ikusteko modua ere egongo da, erakusketari ikutu berezi bat eman guran. Eraskuketa bisitatzeko ordutegia honako hau da: 10:00etatik 13:00etara goizez, eta 15:00etatik 19:00etara arratsaldez.
Asteazkenean, 18:00etan, Bularreko Kantzerraren Kontrako Elkarteak antolatuta hitzaldi bat izango da udalbatzar aretoan. Julio Moreno medikuak bularreko kantzerra prebinitzeko gomendioak emango ditu. Gaixotasun hori igarotako lagun baten testigantza ere entzun ahalko da.
Ostiralean bi film luze emango dira liburutegian. Lehenengoa, umetxoentzakoa, 18:00etan hasiko da eta, bigarrena, gazteentzakoa, 20:00etan.
Dokumentuaren akzioak