Dokumentuaren akzioak
Dantza taldea saminduta
Gutunak
Azken lau urteotan antolakuntzan arazo larriak
izan ditugu. Duela bi urte, azkeneko astean, ekitaldia bertan behera
uztekotan izan ginen. Zoritxarrez, gure borondate guztiaren aurka,
aurtengoan ere, Udalaren jarrera dela eta, berriro kinka larrian gaude.
Ikasturte honetan 68 lagun gabiltz dantza eskolan. Herriarentzako
aberasgarria dela uste dugun proiektu hau aurrera eramateko, Udalak
baliabideak jartzen dizkigu, edozein eragileri edo elkarteri bezala.
Baliabide horien ordainetan, dantza taldeak hainbat ekitaldietan parte
hartzen du. Horietan guztietan taldeak inoiz ez du sosik kobratu.
Ikasturte amaierako ekitaldia dela-eta Udalari eskaera bakarra egiten
diogu: pilotalekuaren erabilera bermatzea, eta bertan, agertokia
muntatzea. Eskaria, beti idatziz eta denbora epe nahikoarekin.
Aurtengoan apirilaren amaierarako eskaera eginda geneukan.
Gainontzekoa, hau da, ekitaldiaren berri ematea, agertokia apaintzea,
soinu eta argi ekipamenduak lortzea eta garraiatzea, muntaia eta
desmuntaia taldekideok egiten dugu.
Aurtengoan, ekitaldia ekainaren 1ean egin nahi dugu. Horregatik,
agertokia ostegunean prest izatea eskatu dugu. Dena ostiral gauerako
prest eduki ahal izateko, gauzen garraioa eta muntaiaren zati bat
ostegun arratsaldean eta iluntzean egin behar baitugu.
Bestalde, gure eskaeraren aurrean, Udalaren eta bere buru den alkate
jaunaren ustegabeko jarrera batekin egin dugu topo. Kirol
dinamizatzailearengana zuzentzeko izan da alkatearen erantzuna. Hark
emandako arrazoiak eta biak elkarrekin egon ondoren, erantzuna ezezkoa
izan da. Zoritxarrez, inolako pisuzko arrazoirik gabe eta gezurren
bidez.
Hasieran, pala txapelketa omen zegoen, eta ez da egia. Ondoren,
eskubaloi txapelketa. Ostegun goizetan entrenamendua omen dute, baina
hilabete batez pilotalekuan entrenatzen aritu ondoren, egun batean hala
ez egiteagatik ez da ezer gertatzen. Eta azken aitzakia, herriko umeena
izan da. Izan ere, eguraldi txarra dagoenean, haurrek pilotalekuan
jolasten omen dute. Hori dela eta, eguraldi txarra egingo balu,
maiatzaren 31n agertokiak ezingo luke pilotalekuan egon; aldiz,
eguraldi ona egingo balu, ez legoke arazorik eta kultur
dinamizatzaileak baiezko erantzuna emango luke.
Beraz, ostiral arratsaldea arte zain egon behar al dugu zer egin
jakiteko? Gainontzean antolatzen diren ekitaldietako antolatzaileak
zalantza berdina izaten al dute azken ordura arte? Gu ziur gaude ezetz!
Guk badakigu alkate jaunari euskal dantzak ez zaizkiola gustatzen,
berak onartu duen bezala, baina hori ote da arrazoia hainbat
herritarren aurrean axolagabekeriaz jokatzeko eta beraien gogo eta
jarduerak zanpatzeko?
Adierazi bezala, orain arteko erantzun guztiak zentzugabeak izan dira.
Alkateak gurekin izan duen jarrera guztiz onartezina iruditzen zaigu,
eta saminduta eta atsekabetuta gaude. Horrela aritzeko benetako
arrazoia zein ote den galdetzen diogu geure buruari.
Adierazitako guztia dela eta, herritarroi gure ikuspuntuaren berri
emateko beharra sentitu dugu dantza taldeko kideek, Horretarako,
zoritxarrez, idatzi hau helarazteko bidea besterik ez dugu aurkitu.
Xabier Bidezabal (Itxaropena dantza taldearen izenean)
Dokumentuaren akzioak