Argazkia: MB artxiboa.
Goienagusik dantza tailerra antolatu du martxorako. ‘Dantzaren hastapena: Musikatik mugimendura’ izenburupean, Patxi Monterok emango du tailerra Portaloi elkartearen Kulturolako egoitzan. Tailerra martxoaren 3, 10, 17, 24 eta 31n izango da goizeko 10:00etatik aurrera. Matrikula 25 eurokoa izango da, eta martxoaren 3ko saioan ordaindu beharko da. Taldea gutxienez 12 lagunek eta gehienez 20k osatuko dute.
Ikastaroaren helburuak: Musika ederrarekin eta dantzarekin gozatzea, ondo pasatzea (ez da gutxi…) eta bizi-osasunerako onurak ekartzea (emozionala, soziala, kognitiboa, ibilkeraren sendotasuna, oreka, etab…). ‘Dantzaren onurak zahartzaroan’ azaldu zituen Maialen Araolazak Arrasaten, azaroan. Hitzaldi hartan -teorikoa- azaldutako oinarri hartuta, praktikan murgiltzeko aukera eman nahi dugu ikastaro labur honekin. Dantza, musikaren erritnoan mugitzea da. Esperientzia honetan, mugimendu ariketak landuko ditugu, oso sinple, tradiziozko musika ederrarekin.