Laprida, Trenque Lauquen eta Macachin bertako gazteek hartu zuten parte joan den larunbat-igandean, ekainaren 13 eta 14an, Euzko Alkartasuna euskal etxeak antolatutako Dantza Tailerrean. Bahia Blancako Union Vasca euskal etxeko dantza irakasle diren Manuel Irastorza eta Romina Larrañagaren ardurapean, dantza berriak ikasteaz gain dagoeneko ezagunak direnak hobetu zituzten ikasleek.
Dantzez aparte eta tailerraren programa osatzeko, historia, arropa eta hezkuntzari buruzko hitzaldiak ere eskaini zituzten irakasleek.
“Talde polita elkartu zen tailerrean. Izan ere bisitariez aparte, gure Gure Ametza taldeko hogei bat dantzarik ere hartu zuten parte; eta dantzari ohiren batek ere bai, nahiz eta klaseak zorrotzak izan. Gure dantza irakasleak, Antonela Veroli eta Analia Mujica oso gustura geratu ziren eta eskerrak eman nahi dizkiete Bahia Blancako monitoreei, FEVAri eta tailerrean bildu ziren dantzari guztiei”, adierazi diote EuskalKultura.com-i Euzko Alkartasuna-tik.