Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza Soka Egunaren harira egun guztiko jaia antolatu dute

Dokumentuaren akzioak

Dantza Soka Egunaren harira egun guztiko jaia antolatu dute

pnga_erakutsi.plDantza Soka Eguna ospatuko dute Anoetan bihar, otsailaren 2an. Egun guztiko jaia antolatu dute anoetarrek, eta hainbat ohar plazaratu dituzte Dantza Soka Egunaz gozatzera gerturatzen diren guztientzat. Alde batetik, egitarauaz gain, taloak dastatzeko aukera egongo da, eta bestetik, Anitz Anoetako Dantza Taldearen materiala jarriko dute salgai plazan, 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara.
Komunikabidea
Tolosaldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2013/02/01
Lotura
Tolosaldeko Hitza

Jaiaren ardatz izango den dantza sokari dagokionez, aurten neskek hartuko dute lekukoa, nahiz eta berez mutilen txanda izan. Azken asteko lesio bat tarteko aurreskularia eta atzelaria neskak izango dira, hau da, Ane Irazusta eta Olatz Ausin, hurrenez hurren. Hauekin batera, soka edo katea osatzen, 50-60 dantzari anoetar ariko dira: 25 mutil eta 35 neska.
Musikariak lanean hasten direnean, aurreskularia soka gidatzen hasten da. Ane Irazustaren eskutik, banaka-banaka, dantzari guztiek hartuko dute Anoetako plaza. Azken postuan, Olatz Ausin joango da, sokari amaiera ematen.
Ane Irazustari tokatuko zaio lehen desafioa egitea. Horretarako katetik atera beharko du. Bere lehen aldia izango da, nahiz eta sokan aurreko urteetan ere dantzatu duen. Pixka bat urduri baina gogotsu dagoela onartzen du Irazustak. Aurreskularia izango zela duela gutxi jakin zuen, eta harrez gero, gogor aritu da dantza bera ikasten.
Bakarkako desafioa amaitzen denean, sokara itzuliko da Ane Irazusta. Itzuli bat eman ostean, Olatz Ausinekin desafio berri bat dantzatuko du. Aurreskulariaren eta atzelariaren arteko dantzaren ondoren, axeri dantzari helduko diote guztiek. Dantzaren azken zatia agurrarekin hasiko da, hau da, Irazustak eta Ausinek bi pertsona aukeratuko dituzte, hauei agurra dantzatzeko.
Olatz Ausini ilusio handia egiten dion zatia da agurrarena: «Atzelari bezala joateko, berez, nire koadrilako bati esan zioten, baina niri pertsona bati agurra egiteak ilusio handia egiten zidala esan nion, eta bere lekua utzi zidan». Agurren ondoren, dantzari guztiek ikusle bat gonbidatuko dute eurekin elkartzera. Katea bikoizten denean, guztien artean fandangoa eta arin arina dantzatuko dituzte.
Olatz Ausinen esanetan oso egun polita izaten da Dantza Soka Eguna Anoetan: «Goizean goiz traktorearekin baserriz baserri ibiliko gara. Giro oso polita sortzen da, herrikoia. Belaunaldi desberdinen artean harremanak egiteko aukera izaten da, herri bazkarian eta baita egun guztian zehar ere». Giro jatorra, herrikoia eta baita euskalduna ere, Ausinen esanetan. Dantza soka eta bazkariaren ondoren, Gugaz taldearekin dantzaldia antolatu dute aurtengoan, jaiarekin iluntzera arte jarraitzeko.
Irazustak eta Ausinek herritar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte larunbateko jaian parte hartzera, guztientzat izango baita zer ikusia eta zer dantzatua.

Egitaraua
Bihar, Otsailak 2
08:30. Plazan elkartuko dira, baserrietara joateko.
12:30. Dantza plazan. Aurreskularia eta atzelaria aurten neskak izango dira.
14:00. Babarrun jatea Kuku Elkartean.
18:00. Kalejira poteoa herriko trikitilariekin.
18:30. Erromeria Gugaz taldearekin.

pnga_erakutsi.pl

Dokumentuaren akzioak