Dantza saio bikaina San Tiburtzio egun handian

San Tiburtzio egun handia da Leitzan. Batetik, patroiaren eguna dutelako; bestetik, Aurrera dantza taldeko ezpata-dantzariek euren saio berezia eskaintzen dutelako. Aurreko urteetan bezala, jendez gainezka zegoen plazan eguerdiko 12:00etarako. Beroa bero, eguzkiak gogotik berotu arren, erakustaldiak iraundako 20 minutuetan inor ez zen mugitu. Herriko txistularien gidaritzapean gazteek erakutsitako mailak merezi zuen bertan jarraitzeak.
Zortzi dantzariak serio agertu ziren plazan lehen doinuak entzun orduko. Horien artean, Oinatz Olaetxea eta Lide Santano. Biek lehen aldia zuten San Tiburtzio egunean dantza egiten herriko plazan ezta eskuetan zutela. Olaetxeak zioenez «urduri nengoen hasi aurretik baina dena ongi joan da».Udaletxeko karrapean, 17 urteko dantzari leitzarrak saioa amaitutakoan aitortzen zuenez «uda osoa pasatu dugu egunero entsaiatuz, baina merezi izan du» izerdi tantoak erortzen zitzaizkion bitartean kopetatik behera. Beroa ez omen zuen sumatzen hala ere lei-tzarrak «edozein leitzarrarentzat hemen egotea horrelako egunean, oso une berezia da. Dantzari guztiek amesten dugu San Tiburtzio egunean plazan dantza egitea ezpata-dantza», esan zuen Aurrerako dantzariak oraindik urduritasuna eta emozioa nahasten zirenean bere hitzetan.
Bitartean, dozenaka lagun hurbiltzen zitzaizkien dantzariei agurtzera, zoriontzera edo argazki bat ateratzera eurekin. Ondoan, Tere Zabaleta zegoen. Leitzarra eguneko beste protagonista izan zen. Udal ordezkarien ondoan esertzeko ohorea izan zuen Zabaleta ezpata-dantzarien saioa irauten zuen bitartean.
Ehun urte betetzen dira aurten Leitzako ingurutxoa dokumentatuta izan zela. Evaristo Elduayenek egin omen zuen eta hori zela eta, urtetan dantzan aritu zen Tere Zabaleta gonbita jaso zuen plazara hurbiltzeko urteurrena berezi honetan. Zabaletak aitortzen zuenez «gazte gazte ginela ikasi genuen dantza egiten Leitzako Ingurutxoa eta gona ilun haiekin dantza egiten genuen herriko plazan». Oroimen politak Tererentzat eta bere belaunaldiko emakumeentzat zionez «orduan ere une berezia izaten zen leitzarrentzat herriko dantzaria izatea eta dantza egitea San Tiburtzio jaietan».
Horren lekuko, ehun urte eta gero, Ingurutxoa dantzatzen dela egunero jaietan eta Aurrera dantza taldeko saio askotan. Hori dela eta, jende ugari elkartzen da euren emanaldiak ikustera eta zer esanik ez, ezpata-dantzarien hitzordua etortzen denean. Beste behin ere, bat egin zuten herritarrak eta dantzariak Leitzako plazan.