Iratzarrik 25. urteurrena ospatuko du, eta Mollarrik Esteban Garro omenduko du
Egilea
Xabier Etxabe eta Xabier Eizagirre
Komunikabidea
Txaparro
Mota
Albistea
Data
2004/06/18
Iratzarriren 25. urteurrena
Iratzarri Dantza Taldeak hogeita bost urte egin ditu, eta ospakizunei hasiera emateko, urtero San Joan bezperan egiten duen saioa berezia izatea nahi du aurten. Beste urteetan baino jende gehiago ikusiko dugu aurten Musika Plazan, aspaldian dantzan aritu ez den jendea ere bai. Neska eta mutil, hogeita hamar bat lagun izango dira, dantzari eta txistulari; urteroko San Joan dantza eta Aurreskuaz aparte, Txakolin ere dantzatuko dute.
Esteban Garrori omenaldia
Mollarri Dantza Taldearen urteroko Aurreskua ere berezia izango da aurten: iazko uztailean hil zen Esteban Garro dantzari eta maisuari omenaldi beroa eskainiko zaio. 1972an hasi zen Esteban Iñurritzako hainbat haur eta gazteri dantza erakusten, eta 1973ko San Pelaio egunean eskaini zuten lehen Aurreskua. Geroztik, 1979an Mollarri Dantza Taldea sortuta, ehunka haur eta gaztek jaso dute Estebanen lezioa. Eta San Pelaio egunean Aurreskua egiteko ohitura urtero-urtero berritu izan da. Omenaldiaren egunerako, 1972tik aurrera Estebanen ikasle izandako 40 bat neska-mutil ari dira entsaiatzen dagoeneko. Mutilek Aurreskua eskainiko dute, eta neskek Makil Txiki dantza eta Sardinera dantza. Eta, nola ez, Estebanen ikasle izandako guztiak daude gonbidatuta omenaldian parte hartzera.
Aukera paregabea dugu datorren astean, hortaz, oso gutxitan ikusten diren moduko dantza-saioak ikusteko: ekainaren 23an Iratzarrirena, Musika Plazan arratsaldeko 20:30etatik aurrera; ekainaren 26an Mollarrirena, Iñurritzako zelaian, 12:30ak aldera.
Zuena da aukera.