Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza protagonista izango da asteburu osoan Azkoitian

Dokumentuaren akzioak

Dantza protagonista izango da asteburu osoan Azkoitian

Erromeria, dantza-jauziak eta Dantzari Txiki Eguna izango dira egun hauetan

Euskal dantzak gustoko dituzten guztiek ezinbesteko hitzordua dute asteburu honetan zehar Azkoitian. Izan ere, euskal dantzek protagonismo handia izango dute gaurtik igandera bitartean herrian.
Egilea
Jabi Leon
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Azkoitia
Mota
Albistea
Data
2019/05/03
Lotura
Noticias de Gipuzkoa
Hainbat neska iazko Dantzari Txiki Egunean dantzan.

Hainbat neska iazko Dantzari Txiki Egunean dantzan.

Hasteko, 13 eta 17 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako erromeria berezia egongo da gaur (21.30ean) Elkargunean. Udalaren Gazteria sailak antolatutako ekitaldi horren helburua “herriko gaztetxoei aisialdiaz gozatzeko aukera berria ematea” da. Gainera, trikitilariekin adostutako hitzorduaren aurretik lagun artean afaltzeko aukera izango da (20.30ean) Elkargunean. Udaletik jakinarazi dutenez, “ogitartekoak salduko dira bertan baina nahi duenak berea eraman dezake”.

Erromerian parte hartu nahi dutenek gaur bertan eman dezakete izena Gazteria Zerbitzuan.

Bihar, berriz, dantza gustuko duten herritar guztien partaidetzari irekita egongo diren dantza-jauziak egingo dira Elkargunean (22.00etatik aurrera). Ekitaldi hori Elkarguneak eta Bizkargi musika eta dantza eskolak antolatu dute elkarlanean eta bi eragileek herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte larunbat honetarako prestatutako dantza-jauzietan parte hartzera.

Edonola ere, dantzari lotutako asteburu honetako jarduerak ez dira hortan geratuko. Izan ere, Azkoitiko herriak Dantzari Txiki Egunaren 45. edizioa ospatuko du datorren igandean.

200 bat dantzari txikiTxalkor Txistulari elkarteak Udalaren eta Floreaga ikastetxeko guraso elkartearen laguntzarekin antolatzen duen Dantzari Txiki Egunean Kandiola eta Bizkargi dantza taldeetako 200 bat umek hartuko dute parte.

Dantzari zein musikariek 11.45ean egngo dute eguneko lehen agerraldia Balda plazan, beti ere, Agurra eta Agintariena dantzatzeko.

Jarraian (12.00etan) dantza erakustaldi bikoitza izango da: Kandiolako dantzariak Aita Madinabeitia plazan arituko dira eta Bizkargikoak Parrokia aurrean. Azkenik, dantzari guztiak 13.00etan elkartuko dira elizaren atarian eguneko azken emanaldia elkarrekin eskaintzeko.

Dokumentuaren akzioak