Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza protagonista

Dokumentuaren akzioak

Dantza protagonista

Pasaiako Dantza Festibala hasi zen herenegun Pasai Antxon. Guztira hamar dantza orduz baino gehiagoz gozatu ahal izango da bihar arte
Egilea
Amaia Jimenez Larrea - Ane Insausti Barandiaran
Komunikabidea
Berria
Tokia
Pasaia
Mota
Albistea
Data
2023/06/10
Lotura
Berria

Iazko jaialdiko emanaldi bat.

Iazko jaialdiko emanaldi bat. OARSOALDEKO HITZA

Bosgarren urtea bete du Pasaiako Dantza Festibalak, eta, denbora gutxian, nazioarteko dantzari zein ikusleak Pasai Antxora (Gipuzkoa) erakartzea lortu du. Herenegun hasi zen jaialdia, eta lehen eguna sortzaile berriei eskaini zieten. Gaur eta bihar ere ekintzak eta dantza saioak egongo dira herrian.

Hainbat gunetan banatu dituzte jaialdiko saioak: Biteri plazan, Katuen etxadian, Ibaiondoko skate parkean, skate parkeko harmailetan, Luzuriagako parkean eta Eskalantegiko udal lokalean. Eusko Tren Pasai Antxon egiten ari den lanak direla eta, beste aldi batzuetan erabilitako guneak lekualdatu behar izan dituzte antolatzaileek. Hala ere, «espazio berriak konkistatzeko erronka» gustatzen zaiela adierazi dute. Asteburuan euria egiten badu, emanaldiak Ibaiondo pilotalekuan egingo dituzte.

Festibalak ez du izan nahi konpainia garrantzitsuen azken sorkuntzen erakusgarri soilik: tokiko proiektuen «pizgarri» ere izan du, antolakuntza taldearen hitzetan. Herritarren parte hartzea sustatuz, sortzaile berrien artea publikoarengana iristeko bide moduan eskaini nahi dute jaialdia.

Omenaldia 

Gaur, 11:00etan izango da lehen emanaldia: Jone Amezagak eta Manu Gaignek Dantza familian tailerra emango dute. Haur zein helduentzako ekintza izango da, Luzuriaga udal lokalean. Hainbat galderaren bitartez, dantzaren inguruan hausnartuko dute bertaratutakoek, gorputz perkusioa, ahotsa eta mugimendua erabiliz.

Iker Murillo dantzari pasaitarra izango da eguneko protagonistetako bat. Dantza utzi du duela gutxi, eta omenaldia egingo diote 13:00etan, Biteri plazan. 16 urte beterik ez zituela Madrilera joan zen Carmen Roche dantza eskolan dantza ikasketak egitera, eta bi urtera Stuttgarten (Alemania) jarraitu zuen ikasten.

Besteak beste, Zuricheko (Alemania) ballet konpainian bakarlari izan zen 2001etik 2010era, eta Basilea balleten eta Lausanne Bejart Balleten ere ibilitakoa izan da. Arratsaldean, Murillok berak eta Vitali Sarfonkinek gidatzen duten dantza eskolaren erakustaldia egongo da. Bihar ere dantza eskola bereko ikasleek barra klasikoko erakustaldi berezia egingo dute Katuen etxadian, 12:00etan. Zuzeneko musikak gidatuko du saioa.

Herritarrek ere dantza egiteko aukera izango dute bihar. Izan ere, Anakrusa eta Badia Plazan kultur elkarteek Zanga handia egitasmoa sortu zuten, belaunaldi desberdinetako herritarrek elkarrekin dantza egiteko. Emanaldia egingo du taldeak, 13:00etan, Biteri plazan. Festibalaren inguruko informazio gehiagoren berri izateko, www.pasaiakodantzafestibala.info webgunea kontsultatu daiteke.

 

Pasaiako Dantza Festibala

Gaur eta bihar, Pasai Antxoko hainbat tokitan.

Dokumentuaren akzioak