Dokumentuaren akzioak
Dantza Plazetan programako beste saio bat izango da larunbatean, San Inazion
Dantza Plazetan programak aurrera jarraitzen du, eta larunbat honetan, San Ignazioko Levante plazan izango dira ekitaldiak. Erraldoien kalejira izango da oraingoan, Ondalan Erraldoien Konpartsaren eskutik. Saioa goizean izango da, 11.30ean.
Joan den azaroaren 6an hasi zen programa, eta azaroko eta abenduko asteburuetan hainbat jarduera izango dira Deustu, Abando, Begoña, Uribarri, Basurtu-Zorrotza eta Errekaldeko barrutietan. Guztira, 30 saio izango dira, abenduaren 31ra bitartean. Besteak beste, erromeriak, dantza-alardeak, kalejirak eta erraldoien desfileak antolatu dira, eta larunbatean, erraldoien txanda izango da.
Programaren helburu nagusia euskal folklorea indartzea eta balioa ematea da, eta saio guztietan, dantzariek bertaratutakoei festan parte hartzeko aukera emango diete. Hala nola, Batasuna Arraizbide, Beti Jai Alai, Bihotz Alai, Gaztedi, Ibai Arte, Salbatzaile dantza taldeek eta Ondalan Erraldoien Konpartsak parte hartuko dute.
Esan bezala, larunbatean San Inazioko Levante plazan ariko dira, eta asteburu berean, igandean, hiru barrutitan ere izango dira saioak. Horrela, 12.00etan, Dantzen alardea izango da Indautxu plazan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik; 13.00etan, Umeen dantza-alardea izango da, Basurtu-Geltokiko bidean, Beti Jai Alai Dantzari Taldearen eskutik, eta azkenik, 13.00etan ere bai, Erromeria izango da, Ibarrekolandako plazan, Bihotz Alai Dantza Taldearen eskutik.
Azaroan beste hiru saio izango dira. Azaroaren 26an, 19.00etan, Zorrotzan, Dantzen alarde ibiltaria izango da, Ibai-Arte Dantza Taldearen eskutik. Hurrengo egunean, azaroaren 27an, 11.30ean, Elorrietan, Erraldoien kalejira izango da, Ondalan Erraldoien Konpartsaren eskutik, eta azkenik, azaroaren 28an, 12.00etan, Indautxu plazan, Dantzen alardea izango da, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik.
Abenduko gainerako jarduerei buruzko informazioa nahi izanez gero, hemen kontsulta daiteke programa osoa.
Dokumentuaren akzioak