Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Dantza Plazetan" egitarauak 38 emanaldi eskainiko ditu Bilbon, euskal folklore herrikoia sustatzeko helburuarekin

Dokumentuaren akzioak

"Dantza Plazetan" egitarauak 38 emanaldi eskainiko ditu Bilbon, euskal folklore herrikoia sustatzeko helburuarekin

Komunikabidea
Deia - Noticias de Bizkaia
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2010/01/26

Antolatzaileek gaur azaldu dutenez, egitarauan 38 emanaldi biltzen dira guztira, urtean zehar banatuta Deustuko, Ibaiondoko, Basurtu-Zorrotzako eta Begoñako barrutietako plazetan. Emanaldi gehienak asteburuetan eskainiko dira, baina erromeriaren bat ere egongo da aste barruan.

Ekimen honen alderdi esanguratsuenetakoa da ohiko alardeen erakusketarekin batera badaudela partaidetzan oinarritutako beste une batzuk ere. Dantzariek bertan dauden pertsonak gonbidatzen dituzte jaialdian parte hartzera.

"Dantza Plazetan" egitarauaren lehenengo jarduera larunbat honetan izango da, Santiago plazatxoan -Katedralaren ate nagusiaren aurrean-, arratsaldeko 20:00etan. Erromeria izango da nagusi han Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik. Talde horrek beste sei erromeria dinamizatuko ditu leku eta ordu berean urteko beste sei larunbatetan.

Talde horrekin batera, emanaldiak egingo dituzten gainerako taldeen artean daude Beti Jai Alai (erromeriak Basurtuko Aita Donostia plazan otsailean, uztailean eta urrian), Deustuko Folklore Taldea (Deustuko San Pedro plazan otsailean, martxoan eta azaroan), Bihotz Alai Dantza Taldea (otsailetik ekainera Deustuko barrutiko hainbat lekutan) edo Ondalan (Deustuko hainbat plazatan urtean zehar).

Bizkaiko Dantzarien Biltzarrari dagokionez, alardeak eta erromeriak eskainiko ditu Arriagako plazan eta Areatzan maiatzetik uztailera bitartean, eta amaitzeko, Gaztedi Dantzari Taldeak zenbait erromeria bideratuko ditu Karmelo plazan eta kalejirak eskainiko ditu Santutxun.

Emanaldien egutegi osoa Bilboko Udalaren www.bilbao.net webgunean edota herritarren informaziorako 010 telefono zenbakian kontsulta daiteke.

Dokumentuaren akzioak