Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ez nuen espero dantza egiteagatik halako ospea izango nuenik»

Dokumentuaren akzioak

«Ez nuen espero dantza egiteagatik halako ospea izango nuenik»

Asier Uskola Kaxarranka dantzaria

Egilea
M.C.
Komunikabidea
Berria
Tokia
Lekeitio
Mota
Elkarrizketa
Data
2007/07/02

Oreka berezia behar al da kutxa gainean dantzatzeko?

Pausoak, berez, errazak dira, garaieran dantzatzetik dator zailtasuna. Bertigo pixka bat daukat eta, gainera, kaxari eusten dioten mutilak gero eta altuagoak dira.

Ondo prestatu ote duzu aurtengo kaxarranka?

Egia esateko, aurten nahiko berezia izan da prestaketa, bi hilabetez kanpoan izan naizelako. Duela hiru egun bueltatu nintzen eta bizpahiru aldiz saiatzeko tartea besterik ez dut izan. Udalekoak deika izan ditut, noiz ailegatu behar ote nintzen galdezka, baina azkenean garaiz heldu nintzen.

Urte batetik bestera, kaxaren gainean zure burua berriro kokatzeko arazorik al duzu?

Denbora pasa ondoren, lehenengo aldiz egiten dudanean kokapena hartu behar dut berriro baina, behin zehaztuta, martxa hartu eta ez daukat arazorik. Duela egun pare bat aurreneko saltoa egin nuenean, konturatu nintzen beharrezkoa nuela kaxa gainean ondo kokatzea.

Lekeitiarra izanda, txikitatik ikusi duzu kaxarranka. Ardura garrantzitsua eman zizuten duelabost urte, ezta?

Txikitatik ibili naiz dantzan eta aurreko dantzariak laga zuenean, dantza eskolara etorri ziren, eta ni hautatu ninduten. Orduan ez nintzen jabetu hartuko nuen arduraz, hamazazpi urte besterik ez nituelako.

San Pedro eguna oso berezia da Lekeition, eta zu protagonista nagusienetako bat bilakatu zara urteotan. Nola bizi duzu?

Hasiera batean ez nintzen horretaz jabetzen, kaxarranka dantzak duen garrantziaz esan nahi dut. Kaleko jendeak erakutsi dit, hau edo bestea esaten didate, ezaguna naiz kaletik noala. Nik ez nuen espero dantza egiteagatik halako ospea izango nuenik.

Herria zurekin dago, Aupa Asier etengabe entzun daiteke dantzan zaudela.

Bai, bultzada garrantzitsua ematen didate. Kontuz ibiltzeko ere esaten didate edozein egunetan kalean ikusten nautela, sanpedroak hurbiltzen direla batez ere. Dantza ikusteko hurbiltzen diren guztiek laguntza ematen didate beldurra gainditzeko.

Egunik onena al da hau Lekeitiora etorri eta herria ezagutzeko?

Nik uste dut egun polita dela eta, kaxarrankaz gain, nesken aurreskua, kilin-kalakoa edota arratsaldeko danborrada egiten dute. San Antolinak nahiago ditut nik, baina esan behar dut egun hau ere oso ondo dagoela; askok San Pedro aukeratzen dute.

Dokumentuaren akzioak