Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza, musika eta paella izango dira Ezoziko Erromerixa Egunean

Dokumentuaren akzioak

Dantza, musika eta paella izango dira Ezoziko Erromerixa Egunean

Egilea
Urrats dantza taldea
Komunikabidea
Plaentxia
Tokia
Soraluze
Mota
Albistea
Data
2022/05/26
Lotura
Plaentxia
Dantza saioa Ezozin, 2021ean.

Ekainaren 11n, zapatuan, Erromerixa Eguna egingo da Ezoziko plazan, egun osoko egitarauarekin. Eguerdian, plaza-dantzak dantzatzeko aukera izango da herriko musikariek girotuta eta arratsaldean, erromeria egingo dute Eingo folk taldearekin. Paella janerako izen-ematea zabalik dago.

Antolatzaileek herriko eta herritik kanpoko dantzazaleak batu nahi dituzte Ezozin eta horretarako, dantza ardatz duen egitarau oparoa prestatu dute. Hasiera, goizeko 11:00etan izango du, goiztiarrenak ordu horretan abiatuko direlako kalejiran Ezozira. Ondoren, eguerdiko 12:00etan, mokadutxoa egingo dute elkarrekin eta 12:30ak aldera, ekingo diote dantzari. Lehenik, Urratseko dantzari gaztetxoek egingo dute dantzan eta ostean, adin guztietako dantzazaleek egin ahalko dute dantzan (jauziak, trikitixa, banangoa, arrabitak...) herriko musikariz osatutako fanfarrearen eta bailarako arrabitarien laguntzaz.

Bazkaritarako, paella

Bitartean, sukaldariek paella prestatuko dute eliza ondoan eta 14:30ak aldera, dantzazaleak elizpera batuko dira, bazkaltzera. Menua ondorengoa izango da: paella errazioa (haragiduna edo barazkiduna), edaria eta postrea. Prezioa, berriz: 5 euro, 15 urtez azpikoendako eta 15 euro, helduendako. Izena Iratxo goxodendan edo online eman daiteke (ekainaren 4rako).

Bazkal ostean, musikariek girotuta, ez da faltako kanturik eta dantzarik mahai bueltan.

Arratsaldean, erromeria Eingorekin  

Arratsaldeko 18:00etan, plazara bueltatuko da saltsa eta bertan erromeria egingo dute Eingo folk taldeak girotuta. Era guztietako plaza dantzak joko dituzte: trikitixa, kalejirak, polkak, dantza jauziak...

Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte Ezozira, “elkarrekin dantzan eta kantuan egitearen plazeraz gozatzera, bakoitzak bere modura”.  

Dokumentuaren akzioak