Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza munduan bide urratzailea

Dokumentuaren akzioak

Dantza munduan bide urratzailea

Egilea
Juan Luis Zabala
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2008/10/17

Donostian jaio zen Gene Iurre, 1929an. Erbesteraturik, Normandiako Vains herrian bizi izan zen txikitan. Parisen hasi zen dantza klasikoaren munduarekin harremanetan. Atzerrikoak izan zituen dantza arloko maisu nagusiak, Europa erdialdeko dantza pedagogo eta irakasleak gehienak. Euskal Herrira etortzen zen aldietan, Jose Urruñuela izaten zuen irakasle.

Theatre Chatelet konpainiarekin sinatu zuen aurreneko kontratua dantzari gisa. Errusiako Irina Grjebina folklore balletean eta Ukrainako Les Igroutxki ballet kosakoetako konpainian aritu zen gero.

Euskal Herrira 1968an itzuli zen, interpretatzaile ibilbidea amaituta ordurako, bertan geratzeko asmotan. Dantza irakasten eta epaimahaikide nahiz aholkulari lanak egiten hasi zen. Euskal Herriko aurreneko ballet nazionala izango zena sortzeko proposamena jorratu zuen, Herbehereetako Het Nationale Ballet eredutzat hartuta.

Kresala dantza eskola sortu zuen lehenik, eta izen bereko dantza taldea gero, 1968ko urrian. 40. urteurrena ospatu du taldeak oraindik orain, eta 40 urteko ibilbidearen berri ematen duen liburua argitaratu: Tradizioa sormen iturri.

Dantza munduan «bide urratzailea» izan da Iurre, Faustino Aranzabal Kresala dantza taldeko egungo zuzendariaren ustez. «Ekarpen aipagarria egin du folklorearen historia berrian. Antzinako dantzak oinarri hartuta, dantza tradizionala gaurkotu zuen, bere garaira egokitu, moderno bihurtu, iraganeko mistifikazioak alde batera utzita»

Dokumentuaren akzioak