Dokumentuaren akzioak
Dantza mundua astintzeko asmotan
Astindu izeneko elkartea osatu dute Zumaiako dantza giroan mugitzen den lagun talde batek
Dantzaren zaletasuna ondo errotuta dago Zumaian, baina
beste herrietan ez bezala, elkarte edo talderik ez da izan azken
urteetan. Beti Gazte taldeak utzitako lekua hutsik egon da urteetan.
Herrian suma-tzen zen hutsune hori bete nahian elkarte berria osatu dute
dantza munduan aritzen diren zenbait herritarrek. Hainbat izen eskutan
izan eta gero, Astindu da elkarterako aukeratu duten izena. Eta izen
berak garbi uzten duen bezala, hautsak harrotzeko asmoarekin jaio da.
«Ikusten genuen zenbait jende mugitzen zela dantza giro
honetan eta talde antzerako bat osatzen genuela dagoeneko», diote
elkarteko kide Jone Osa, Uxua Gainza eta I-tziar Uria Torreberriko
entsegu lokalean. Beraiekin da Isaak Aranberri dantzaria eta Musika
Eskolako dantza irakaslea. Dantza talde baino, elkarte bezala definitzen
dute beraien burua.
Sortu berria den elkartearen lehen helburua formazioa
dela diote. «Musika Eskolan ematen dira klaseak. Gu saiatuko ginateke
dan-tza ikastetxeetara eramaten eta baita kalera ere. Dantza herrira
hurbiltzea izango litzateke asmoa». Garbi utzi nahi dute elkartea ez
dela sortu Musika Eskola ordezka-tzeko. «Haren osagarri bezala ikusten
dugu gure burua. Musika Eskolan badago irakaskuntza sistema bat eta hari
laguntza emango genioke».
Taldekide beraien prestakun-tzan ere lan egiteko asmoa
erakutsi dute. «Euskal dantza tradizionaletatik abiatuta, beste estilo
gehiago sartzen joan gara. Teknika ez dugu lantzeko aukerari izan eta
azken urteetan pixkanaka sartzen ari gara Isaaki esker. Hutsune hori ere
bete nahiko genuke».
«Poliki, poliki» etorkizunean emanaldiak antolatzen
hastea ere planteatzen dute, bai Zumaiako talde beraren emanaldiak, bai
kanpotik ekar daitezkeenak ere. Beste elkarte edo talde batzuekin
elkartrukeak egiteaz gain, gaur egun egiten diren ikuskizunei ere
bultzada ematea proposatzen dute: «Inauteriak, San Juan sutakoa...».
Uztailean ikastaro/emanaldi bat antolatzeko asmoa du
Astinduk, nahiz eta oraindik gaia eta datak erabaki gabe dituen.
«Asteburu honetako ekitaldiak prestatzen murgilduta egon gara. Bazkideak
inguratzen direnean, bildu eta plangin-tza prestatuko dugu».
Izan ere, elkartea dantza zaletasuna duen orori zabalduta
dago. Astinduko bazkide izateko 20 euroko kuota ordaindu beharko da
(haurrek doan) eta nahikoa izango da astindu.zde@gmail.com helbidera
mezu bat bidaltzea. «Zumaian freedance, baleta eta beste zenbait dantza
estilo ematen dira. Dantza gustukoa duten lagun guztiak daude
gonbidatuta».
Dokumentuaren akzioak