Dokumentuaren akzioak
Dantza maratoia 40 urteak ospatzeko
Beasaingo Ostadar Dantza Taldeak 40. urteurrena du aurten, eta modu berezian ospatu nahi dute, egun taldea osatzen dutenek. «Herria etenik gabe dantzan jartzea» izan da taldearen sorreratik izan duten oinarrizko legea. Horri eutsiz, dantza maratoia antolatu dute; 24 ordu dantzan etenik gabe ekimena antolatu dute. Dantza taldearen urteurrena ospatzeaz gain, Maurizia Aldeiturriaga pandero-jole bizkaitarra jaio zela 120 urte betetzen direla ere gogoratu nahi dute ekimen honekin. Irailaren 20an eta 21ean egingo dute ekitaldi erraldoi hau.
Parte hartzeko deia
Ekimena Beasainen egingo dute, Bideluze plazan. Ekimenak iraungo duen denboran, plaza dantzak dantzatuko dituzte; fandangoak, arin-arinak, jauziak… Edonork parte har dezake ospakizun horretan, beraz, herritar guztientzat irekia izango da. Dantza egiteko nahiz musika jotzeko gai den jendea animatu nahi dute ekimen honetan parte hartzera Ostadar dantza taldeko lagunek. «Etenik gabeko kate hau mantentzeko dantzari, musikari eta herritar ororen laguntza beharko dugu», dei egin dute Ostadarrekoek.
Txandaka egingo dute dantza; hamabost minutuko txandak antolatuko dituzte, eta banaka zein taldeka egin ahalko dira. Irailaren 20an, ostirala, 20:00tik aurrera hasiko da ekitaldia.
Izena emateko
Antolaketa lanak errazteko, dantzarako edo musikarako prest dauden guztiek aldez aurretik izena eman beharko dute, honako webgunean: 24orduzdantzan.eus
«Baietz 24 orduz etenik gabe Beasain dantzan jarri», bota diote erronka herritarrei.
Dokumentuaren akzioak