Dokumentuaren akzioak
Dantza maisuaren pausoak oroituz
Ordiziako zortzikoaren hirugarren edizioan orain dela 150 urte jaiotako Jose Lorenzo Pujana omentu zuten
Gauza jakina da Ordizia hiribildu izendatu zenetik 750 urte pasa direla, eta horren harira hamaika ekintza antolatu dituztela orain arte eta urtea amaitu bitartean dinamika berdina izango dela. Amets Bidek ere bat egin nahi izan du urteurren berezi honekin eta bide batez, “dantza kalera” atera nahi izan du. Hiribilduarena, ordea, ez da izango urteurren bakarra. Izan ere, orain dela 150 urte Ordizian jaio zen Jose Lorenzo Pujana dantza maisua eta asteburuan hari omenaldia egin diote. Hain zuzen, Juan Inazio Iztueta eta Jose Antonio Olano zaldibiarren lekukoa hartu zuen Pujanak, eta XIX. mendearen amaieran euskal dantzen alde egindako lan guztia aitortu nahi izan diote Amets Bidekoek. Haiekin batera izan dira, gainera, Ordiziako txistulariak eta Beasaingo Aurtzakako dantzariak eta elkarrekin egin zuten Ordiziako Zortzikoa, Barrena parkean.
Berrikuntzak ere sartu zituzten aurtengo egitarauan. Hala, urteroko soka-dantzariez gain, ezpata segizio bat ere osatu zuten. Bertan izan ziren dantzan 120 dantzari eta 20 musikari, ikuskizunaz gozatzera gerturatu ziren beste hainbaten artean. Ekitaldia 19.30ean hasi zuten Barrenako parketik eta Pujana maisuaren jaiotzaren mendeurrenean egin bezala, Kale Nagusian, dantza maisuaren jaiotetxe aurrean, ezpata-dantza egin zuten. Duela 50 urte ere errepikatu zuten ekitaldi hau, eta orduan izan zen bezalaxe, emozioak agerian gelditu ziren beste behin. Jarraian, guztiak Garagartza Plazara inguratu ziren eta han Pujanaren familiari omenaldia eskaini zioten. Segizioaren amaiera plazan izan zen.
Parte hartu zuten dantzarietako batzuk haien sare sozialetan zabaldu nahi izan dute ekitaldiaren ondorengo balorazioa eta Izaro Intsausti, Amets Bide dantza taldekoak hala agertu du asteburuan bizitakoa: “Dantzak ez du dantzatzeko soilik balio. Adin, izaera, pentsamendu eta gustu ezberdinetako jendearekin harremanak egiteko, lotsa galtzeko, publikoan hitz eta dantza egiteko, erropa ezberdinak janzteko, konfuditzeko, irrifarre egiteko, egoera ezberdinetara egokitzen jakiteko, erritmoarekin dantza pausoak lotzeko, musikaren doinuan mugitzeko, lotsatzeko, harrotzeko, urduritzeko, tximeletak sentitzeko… bizitzeko eta azken finean, dantzarekin maitemintzeko”.
Aurtzaka eta Amets bidekoak, elkarrekin, Pujanaren etxera bidean segizioa eginez. (Argazkia: Patxi Goikoetxea)
Dokumentuaren akzioak