Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza berriro izanen da protagonista "Le temps d'aimer" jaialdian

Dokumentuaren akzioak

Dantza berriro izanen da protagonista "Le temps d'aimer" jaialdian

Festibal hau irailaren 3tik 19ra iraganen da Biarrizko hainbat lekutan

Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
1999/07/09

Filgi Claverie Biarritz Kultura erakundeko zuzendariak esandakoaren arabera, "jaialdiaren IX. edizio honetarako, beste urteetan baino egitarau zabalagoa egin nahi izan dugu. Bestalde, orain arte dantza talde txikiak bildu genituen jaialdi honetan, eta aurten, aldiz, munduko talde ospetsuak bilduko ditugu. Gure ustez, kalitatezko egitaraua izango dugu aurten".

Emanaldi hauek ikustera hurbilduko den jendeak mota guztietako dantzak ikusteko aukera ukanen du. Esate baterako, balet modernoa eta klasikoa, hip-hop dantzak, jazz dantzak eta euskal dantzak ere agertuko dira hemezortzi egunez.

"Jaialdi honen bidez, dantzak aberastasun anitz badituela erakutsi nahi dugu. Honela, bi aste hauetan munduko eskualde guztietatik etorritako hemezortzi dantza talde agertuko dira", agertarazi zuen Jakes Abeberrik. Beraz, hilaren 3tik 19ra egunero dantza talde baten emanaldia izango da.

Dantza mota zabala

Emanaldi hauek guztiak lau lekutan agertuko dira. Lehenik, Gare du Midin, 3an eta 4an, "Pietragailla" Marseillako balet nazionala agertuko da bere dantza klasikoekin. Hauek "Romeo et Julieta" obra ezaguna aurkeztuko dute eta Marie-Claude Pietragallak Julietaren pertsonaia egingo du. Gare du Midin ondoko emanaldia hip-hop dantzari buruzko ekitaldia izanen da, irailaren 8an. L'Union, Barcelona Addictos eta Greemlin's dantza taldeek dantza garaikidearen ekitaldi berezia eginen dute. Hauekin batera, Frank Mordi d.j.k musika eginen du eta Stephane Mazek grafismoa, dantzarien mugimenduari jarraituz. Irailaren 11n, Robert Northek daraman Scottish Balet taldeak "Giselle" balet klasikoa aurkeztuko dute. Berrogeita hamar dantzarirekin eta hirurogeita hamar musikalarirekin, urtero, ehun bat emanaldi egiten ditu. Eta azkenik, Txileko balet klasikoa azalduko da hilaren 18an "El lago de los cisnes" emanaldiarekin.

Herriko Kasinoan agertuko diren ekitaldien artean, Tero Saarinen Toothpick konpainiarena izanen da bat. Finlandiako talde honek "Westward Ho!" koreografia eginen du irailaren 6an. Ondoko egunean, Nuevo Ballet Español konpainiak "Flamenco directo" eginen du. Irailaren 9an, ChoreOnyx dantza taldeak "Gueule d'amour" koleografia berria aurkeztuko du. 10ean, Bordeleko Robinson konpainiak "Aqua 2(0)" dantza garaikide emanaldia azalduko du. 13an Floridako baletak "Spark" izeneko emanaldia aurkeztuko du. Irailaren 15ean, berriz, Lionel Hoch eta Meme Banjo taldeak "Sinuosus" ekitaldia azalduko dute. Eta azkenik, 16an, Biarrizko baletak "Chorégraphes invites" ekitaldia azalduko du. Hiru koreografok asmatuko duten baleta da hau eta Biarrizko baleteko dantzariek aurkeztuko dute. Colyseon, gazte eta helduentzat bi emanaldi izanen dira. Chantier Theatre taldeak "Un petit chaperon rouge" lana aurkeztuko du 10 eta 11n eta Ballet Jazz Art konpainiak, aldiz, "Sava percussion" azalduko du 17an.

Azkenik, herriko kaleetan ere zenbait dantza talderen emanaldiak ikusteko parada izanen da. Hauen artean euskal dantzak agertuko dira. Aldi berean, dantza ikastaroak eginen dituzte. Hauek guztiekin batera, dantzari buruzko mintzaldiak izanen dira 12an eta 18an.

Dokumentuaren akzioak