Dokumentuaren akzioak
Dantza, jauzi... eta egin oihu
Batzuk esnatu berriak, besteak gaupasa eginda…05:30ean elkartu ziren atzo Iñurritza Jai Batzordekoak eta beste hainbat lagun, indarrak hartzeko baratxuri zopa gosaldu eta 06:00etan oilasko biltzea abiatzeko. Batzuk txikitatik dute lotura ekitaldi berezi horrekin; Alazne Aizpurua batzordekideak, esaterako. «Nik txikitatik bizi izan dut oilasko biltzea. Sasikua baserrikoa da nire familia, eta haurra nintzela, bertara joaten ginen lotara atzoko gauez. Oilasko biltzea egiten zutenek esnatzen gintuzten». Koxkortu zenean, haiekin egiten zuen dantza baserrian, eta egun «beste aldean» dago, antolakuntzan. «Orain geu gara familiari egun on esatera joaten garenak».
«Aspalditik datorren ohitura da, eta urtero hutsik egin gabe jendeak parte hartzen duela ikustea pozteko modukoa da. Guri bizipoza ematen digu», gaineratu du Eneritz Agirrek. Bi taldetan banatuta, bi ibilbide egiten dituzte: batzuk, goitik, Talaimendi aldera jotzen dute, eta besteak, behetik, Asti eta atzeko baserrietara. 10:30 aldera atseden hartu ondoren, kaleko itzulia egiten dute, bazkalorduan Iñurritzako zelaian amaitzeko.
Ibilbidean hainbat geldialdi egiten dituzte, eta baserri, etxe eta taberna batzuetako jabeek mokadutxoak eta edariak eskaintzen dizkiete. «Gozamen hutsa da jendeak halako harrera egitea». Harrera jendetsuena, ordea, Iñurritzara bertara heltzen direnean egiten diete herritarrek. Bertan biltzen dira guztiak ekitaldiaren amaiera ikusteko. «Hunkigarria izaten da. Goizean goizetik, ordu pila bat batetik bestera ibili ondoren, jende pila bat ikustea zoragarria da».
Garai batean, oilaskoak jasotzen zituztela gogoan du Aizpuruak; haren aitak parte hartzen zuenean, esaterako. Gaur egun, oro har, dirua ematen diete baserrietako eta etxeetako jabeek. Hala ere, gogoratu dute noizbehinka jaso izan dituztela oilaskoak, horietako batzuk «txantxa moduan». Atzo ez zitzaien suertatu; iaz bai, ordea. «Joan den urtean hiru oilasko ekarri zituzten goiko ibilbidea egiten zutenek, maila batean lotuta».
Egunotan jasotako dirua gastuak ordaintzeko baliatuko du Iñurritza Jai Batzordeak. Borondatez egiten dute lan festak antolatzeko, eta handik eta hemendik bildutakoa hurrengo urteko jaiak prestatzeko erabiltzen dute.
Azken eguna, Iñurritzan
Oilasko biltzea atzo egin bazuten ere, ez dira amaitu horri lotutako ekitaldiak. Hain zuzen ere, gaur gibel eta oilasko jana egingo dute atzo ibilbidean parte hartu zutenek, eta gauerdian berriz ere dantzan egingo dute, jaiei amaiera emateko bandera jaistearekin batera. Agurra eman aurretik, hala ere, izango da zer gozatua Iñurritzan: auzoko erretiratuei hamaiketakoa eskainiko diete jai batzordekoek; haur jolasak izango dira; herri kirol jaialdia; eta erromeria, Oharkabe taldearen eskutik, besteak beste.
Oro har, Iñurritza Jai Batzordekoek «balorazio ona» egin dute aurtengo festen inguruan. Kontuan izanda jaiak aste hasieran egokitu direla eta herrigunean festak asteburu ingurura aurreratu dituztela, «beldur pixka bat» bazutela aitortu dute Agirrek eta Aizpuruak. «Baina, oro har, oso gustura gaude. Oso polita izaten ari da».
Oilasko biltzean jardun zutenak Iñurritzako zelaian (Aritz Mutiozabal).
Dokumentuaren akzioak