Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza izango da Ordizian protagonista asteburu honetan

Dokumentuaren akzioak

Dantza izango da Ordizian protagonista asteburu honetan

Ordiziako zortzikoa eta Dantzari txiki egun ezberdinetan egingo dira. Hilabeteetako lana izan da eta emaitza aparta izango dela adierazi zuten astelehenean prentsaurrean
Egilea
A. Vierbücher
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/05/25
Lotura
Goierriko Hitza

Dantza asteburua aurkeztu zuen astelehen arratsaldean Amets Bide dantza taldeak Barrena parkean egindako prentsaurrekoan. Aurten, Dantzari eguna bitan banatu dute. Ordiziako zortzikoa larunbatean egingo da eta Dantzari Txiki eguna, berriz, igandean.

Ordiziako zortzikoa

Orain dela sei hilabete hasi ziren prestatzen maiatzaren 28an, larunbatean, egingo den Ordiziako zortzikoa. Txistulariek Ordizirako doinu batzuk prestatu dituzte, eta doinu horiei dantza pauso batzuekin koreografia ezberdinak atera dizkiete.

Ana Lekuonak konposatutako lau doinu izango dira guztira; Ordiziako zortzikoa, Ezpata dantza, Fandangoa eta Arin-arina. Ekitaldian 70 dantzarik eta 15 musikarik parte hartuko dute, sokadantza batean elkartuta. Soka arratsaldeko 19:30ean abiatuko da Barrena parketik eta Plaza Nagusian emango diote amaiera ekitaldiari.

Egun berezi horretarako, L´Atelier estudiokoek atonduko diete plaza dantzariei, eta afaria Oianguko baserriko gazteek. Afalondoren sinadura ekitaldia izango da eta egunari amaiera emateko, Zesuma taldearekin erromeria.

Dantzari Txiki eguna

Igandea berriz, txikienen eguna izango da. Urdaneta eta Amets Bidekoen artean antolatuta. Zaldibia, Lazkao, Beasain, Iruñea eta Zegamako taldeak etorriko dira.

Urtero bezala herrian zehar desfilea egingo dute eta amaiera Barandiaran plazan emango diote, Ikurrin dantza, Agurra, Zazpi jauzi, Brokel dantza, dantza hegoamerikarrak, Uztai txiki, Fandango, Arin-arin eta Kalejirarekin.

Bazkaria ume eta gurasoek batera egingo dute. Bazkalondoren haurrentzat jolasak izango dira eta, eguna borobiltzeko, Tio Teronen semeen eskutik dantza ikuskizuna izango da plazan.

Aurtengoan bi talde hegoamerikar gonbidatu dituzte, Boliviako taldea eta Neskas Latinas taldea, hain zuzen. Bi taldeak Esperanza Latina elkartearen bidez gonbidatu dituzte eta igandean diru bilketa berezi bat egingo dute Ekuadorreko lurrikararen kaltetuentzat.

Azken hilabeetan bi dantza taldeek lan handia egin dute eta emaitza aparta izango dela ziur daudela adierazi dute.

Dokumentuaren akzioak