Dokumentuaren akzioak
Dantza ikuskizunak liluratuta utzi ditu ikusleak
Dantzaz Konpainia donostiarrak 1.01 ikuskizuna aurkeztu du gaur
Amaia Antzokian. Taldearen programarik ospetsuena da hau eta Christophe Garcia, Hilde
Koch eta Eric Gauthierrek sortu dute koreografia. Emanaldia
arratsaldeko 20:00etan hasi da eta herritarrak dantza garaikide emanaldi polita
ikusteko asmoaz hurbildu dira antzokira.
Eszenatokiaren gainean lau koreografia ezberdin interpretatu dituzte Dantzaz
Konpainiako dantzariek: Songeurs, Torque, Ballet 101 eta Björk
Duets. Hauetan Garcia, Koch eta Gauthierren sormen aberats eta pertsonala
islatzen da. Ikusleari
bidaia ezberdinak proposatu dizkiote hauetariko bakoitzak.
Umorez tindatutako Ballet 101 koreografiak publikoaren algara piztu du
eta Songeurs-ekin, fantasiazko bidaia baterako gonbita luzatu diete
ikusleei dantzariek.
Björk musikariaren doinuek eman diote hasiera Björk Duet koreografiari eta jendeak interesez jarraitu du obra. Inprobisaziorako tartea izan da Torque koreografian eta hala, ikusleek maila altuko emanaldiaz disfrutatu dute.
Ikusgarria eta liluragarria izan da Dantzaz Konpainiak Amaia Antzokira ekarri duen 1.01 ikuskizuna eta ikusleek txalo asko eskaini dizkiete taldea osatzen duten dantzariei. Damien Bougas, Raphaël Canet, Anneleen Dedroog, Emmanuel Dobby, Nuria Giménez, Mireia González, Leonor Henriques, Giovanni Insaudo, Anna Jirmanová, Guillermo Millán eta Marine Sanchez izan dira gaurko emanaldian dantzatu dutenak eta guztiek jaso dute ikusleen esker ona emanaldiaren bukaeran.
Dokumentuaren akzioak