San Anton plazan dantzaldia eskaini zuten atzo Aiara Dantza Taldeko kideek. Adin guztietako ehundik gora dantzarik parte hartu zuten ekimenean. Juan de Urrutia plazan egitekoa zen, baina euria zela eta azken unean aldatu zuten lekua. Dantza Taldeak antolatutako Euskal Asteko egitarauaren barruko ekintza nagusia izan zen San Anton plazako ikuskizuna.
Ekintza gehiago
Aste osoan zehar dantza taldeak erabilitako jantziak egon dira ikusgai Amurrioko komertzio eta establezimenduetan. Maiatzaren 19an Jantzari dokumentalaren proiekzioa eskaini zuten Amurrio Antzokian. Iurretako dantza talde baten istorioa kontatzen du dokumentalak: San Miguel jaietan plazara dantzan atera zen lehenengo dantza-talde parekidea hain zuzen.
Arratsaldean dantza tailerra eskaini zuen Haatik konpainiak Amurrio Antzokian, eta konpainia horrek berak Errimak bi oinetan ikuskizuna eskaini zuen jarraian.