Dokumentuaren akzioak
Dantza ikastaroa kiroldegian
Ostiral iluntzero, hamabi bat asteasuar biltzen da Gari Otamendi
irakaslearekin. Duela lau urte haurrei dantza irakasten hasi zen Gari:
“Guraso talde batek ikasteko gogoa zuela esan zidan. Nik ere xaxatu egin
nituen eta hurrengo ikasturterako helduen taldea osatuta zegoen.
Ostiral iluntzetan elkartzen gara, Usarrabi kiroldegiaren goiko
solairuan”.
Lotsa galtzea helburu
Ordubeteko
saioa egiteko biltzen dira: “Dantzan ikastea baino gehiago, lotsa galdu
eta askatzea izaten da helburu nagusia. Lehen aldiz hurbiltzen direnek,
fandangoa eta arin-arina ikasi nahi dutela esaten dute, baina gehienek
badakite; beldurra eta lotsa galtzea izaten da behar dutena”. Dantza
taldetan ibiltzen da gari, eta musika mundua ere ezagutzen du. “Gauzak
nahi adina konplika ditzakegu, pausoak geroz eta gehiago zaildu,
posturak zaindu…, baina ez da hori ikastaro honen helburua. Dantza
norberak bere modura egitea gustatzen zait niri, pausoak ikasi eta
barneratutakoan, bere estiloan egitea. Hori lortzen dugunean, nire
helburua beteta geratzen da. Azken finean, ez gara dantza talde bat”,
azaldu du Otamendik.
Musikari lotutako dantza lantzen du Garik
ikasleekin: “Belarria pixka bat hezi behar da. Askotan, pausoak ikasi
eta ahaztu egiten zaigu musika entzutea, musikari arreta jartzea.
Erritmoaren egiturari jarraituz osatzen dugu hemen dantza: Larrain
dantza, polka, jauziak… Dantzan aritzea da gure helburua eta horixe
egiten dugu”.
Hamabi bat ikasle biltzen da ostiral iluntzetan:
“Batzuk lehendabiziko urtetik ari dira, baina hasi berriak diren
ikasleak ere baditut. Garrantzitsuena sortzen den giroa da. Duela aste
batzuk sagardotegian izan ginen eta afalostean, dantza saioa egin
genuen. Horixe da ikastaro honen helburu nagusia”.
Herri
dantzaria
Dantzaren transmisio lana ere aipatu du Gari
Otamendik: “Umeek, ikusten dutena egiten dute eta garrantzitsua da
helduek dantza egitea; herriko plazan, jaietan, ezkontzetan… Dantza ondo
pasatzeko elementua dela bizitzen badute, eutsi egingo diote. Herri
dantzaria gara, baina urteotan eten txiki bat gertatu dela dirudi. Gaur
egun dena akademizatzeko ohitura dugu, gure kulturako elementu asko
ikastaroetan sartzen dugu eta nire ustez, gauzak modu naturalagoan
egitea askoz ere egokiagoa da”.
Dantza-soka
Asteasuko
dantza-soka berreskuratzeko lanetan ere aritu zen Gari: “Asteasuk, bere
egun handian dantza berezirik ez izatea harrigarria egiten zitzaidan.
Anjeles Uzkudunek esanda jakin genuen dantza-soka egiten zela, eta
genituen elementuak erabiliz, berreskuratzeko erabakia hartu zen.
Herritarrek herritarrentzat egindako ekitaldia da eta horri bere
garrantzia eman behar zaio. Lehendabiziko urte hartan parte hartu nuen
eta geroztik, urtero errepikatzen dut, oso pozik gainera”.
Dokumentuaren akzioak